inprimatu
Maitasun tronpakorra
Izenburua:
Maitasun tronpakorra
Sinadura:
J.A.
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
J.A

Argitalpena:
Herria.
Urtea:
1973
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1207.zk.
Orrialdea:
5

Maitasun tronpakorra

 

J.A.

 

 1

 

 Pertsu batzuek ateratzen tut gaur zuretzat Janpiarre

 Zuhauk galdea in-ta ez jaliz berdin zintazke hasarre

 Zuhaur zuzena izana gatik tronpatu izan baitzare

 Sujeta zuzen agertuko dut, gertatu denaren pare.

 

 2

 

 Kalifornitik Euskal-Herrira berriz nago etorria

 Ene gogoak bere ustean hemen batzaukan loria

 Zazpi urteren buruan kusi dut maite naukan xoria

 Eni hitzeman zerautan eta beste bati eroria.

 

 3

 

 Hats berapenka hasi zitzautan elgar kausitu orduko

 Baitzakien ez zuela hitza enekin bururatuko

 «Ez naiz fidela egon zuretzat, huna zer dutan lekuko:

 Aingeruño bat sabel barnean, fitexko dena sortuko.»

 

 4

 

 Orroit zirea partitzean guk, eskuak tinko elgarri

 Nola ohore eman ginduen amodio fidelari

 Geroztik hunat izar faltsu bat gertatuz gure galgarri

 Behin betikotz urrundu zaitu zure lehen zuzenari.

 

 5

 

 Zuhaur galdua ta eni berriz bihotza duzu kolpatu

 Eritasun tzar hortarik nola behar naiz orai sendatu

 Ameriketan nintzan denboran beti zuri dut pentsatu

 Eta zuk aldiz bester fidatuz ederki nauzu tronpatu.

 

 6

 

 Tronpakor bati eman zirela, hau ezin sinetsizkua

 Bertuterikan ez zinduena aski zure zaintzekua

 Orroitzapena utzia dautzu hak bere odolekua

 Harena baino nahiago dut segurki ene lekua.

 

 7

 

 Hola dabilan jende trixtea ez daike trankil nehola

 Jainkoaz ere behar litake izan hanbatez axola

 Nexka gaixoa galtzen duenak amodio hotzez hola

 Nola salbatu beharko duke ukatuz bere odola.

 

 8

 

 Nitarik berex ezarri zaitu eta ber harek ez hartu

 Amodioa argi zagona baitautzu ilun-nabartu

 Zuhaurek nahi ala ez berdin bide faltsurat behartu

 Fidelago bat bazinduela nola ez zira ohartu?

 

 9

 

 Egundainotik plazer guziek izan dute beren para

 Erran dautazu afera hortan ez dela zure hobena

 Bainan egiaz jakin zazue gis-hotan gertatu dena

 Ez da bakarrik bera hobendun, haurra baitago biena.

 

 10

 

 Nahi ala ez bihotzetikan, Luixa, behar zaitut kendu

 Debaldetan da orai zurekin egitea konplimendu

 Bainan hargatik gertatu hutsaz-maiten dautzut barkamendu

 Agian zeru-lurren Jainkoak idei bera ukanen du.

 

 11

 

 Pertsu berriak emanak dira galde egin dauztanari

 Atseginean beharra zena, gaizki erori denari,

 Hari gertatu kasua baita segur nigar-egingarri

 Euskal-Herriak eskain dezola beste bat kontsolagarri.


inprimatu