inprimatu
Bertan gazte lagun zenari
Izenburua:
Bertan gazte lagun zenari
Sinadura:
J.A.
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
J.A

Argitalpena:
Herria.
Urtea:
1974
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1229.zk.
Orrialdea:
5

Bertan gazte lagun zenari

 

J.A.

 

 1

 

 Penarekin naiz hasten kantatzen bihotzean baitaukat min

 Gazte laguna falta bainuen herrirat naizelarik jin

 Eskual-Herritik joan orduko kasetaz ginuen jakin

 Lasartar nere adixkidea hil zela trakturrarekin.

 

 2

 

 Nahigabeak beti lurrean bortizki baitu irauten

 Nere begiez jaz ikusia itzalia dago aurten

 Makina dorpe izigarriak jendea laster errausten

 Bizi direnek ikas bezate nola ibili behauten.

 

 3

 

 Izenik ez dut aipatuko gaur: familia da penetan

 Nihaurek ere parte hartzen dut etxekoen nigarretan

 Malur haundia gertatu dena nehorek uste gabetan

 Bere biziaz gabetu baita hogoi eta lau urtetan.

 

 4

 

 Nihauri ere utzi dautazu orroitzapen bat iluna

 Zindutalakotz arras ezagun eta klasako laguna

 Adin gordina, gorpuz ederra eta ona osasuna

 Jeinkoak berak har dezauzula sortzean eman zautzuna.

 

 5

 

 Azken aldikotz gertatu ginen Garaziko merkatuan

 Kafe-ttipia guziek deitzen duguneko ostatuan

 Biak aizanik solasean gu fazoin deliberatuan

 Ez nuen uste beharra zela laster Krixto gana juan.

 

 6

 

 Lurreko zure bizia izan baita hanbatez laburra

 Nihauri ere sar-arazi daut bihotz barnean beldurra

 Gaurko tresnekin ez da oraino nehoren lotsa malurra

 Holakorikan balitz Jaunari galda har gaitzan zerura.

 

 7

 

 Ezin ahantziz baigaude orai partitze lotsagarria

 Zutan ikusi dugu guzien destina izigarria

 Bainan enetzat hori dagoke gauze deitoragarria

 Hogoi eta lau urtetan hila gorputz espantagarria.

 

 8

 

 Ainixko oren badugu biek pasaturikan gozuan

 Eskua ere hedatzen zuen hain behako amultsuan

 Hori gogoan geldituko zaut lurreko bizi osuan

 Agian berdin eginen dauku geroan parabisuan.


inprimatu