inprimatu
Romances - Erromantzeak
Izenburua:
Romances - Erromantzeak
Sinadura:
Juan de la Cruz, (San)
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Cruz, Juan de la

Argitalpena:
Karmel.
Urtea:
1990
Argitalpenaren urtea:
Alea:
3/4
Orrialdea:
490-499

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


Erromantzeak

 

Juan de la Cruz, (San)

 

 1

 

 «In principio erat Verbum» ebanjelioaren arabera Hirutasun Santuaz erromantzea

 

 Hasieran bazen Hitza

 ta Jainkoagan bizi zen

 harengan zorionaren

 goren-gorenean baitzen.

 

 Hitza bera Jainkoa zen,

 hasiera deritzana.

 Hasieratik bizi da,

 hasiera gabe izana.

 

 Hasiera bera izanik

 hasiera gabekoa.

 Hitzari Seme deritzo

 hasieratik jaioa.

 

 Betidanik sortu izan du

 eta beti ari da sortzen.

 Beti beretik emanez,

 inoiz ere ez agortzen.

 

 Beraz, Semearen aintzak

 Aitagan du izatea;

 ta Aitak Semeagan du

 bere aintzaren betea.

 

 Elkarrengan bizi dira

 maiteminduen antzera

 biltzaile den maitemina

 biengan izanik bera,

 batagan nahiz besteagan

 joz berdintasun betera.

 

 Hiru Pertsona, maite bat:

 horra hor hiru denera.

 Maite bera guztiengan,

 maitaleak gauzatuak,

 maitale eta maitea

 biak batez osatuak;

 bakoitzak beragan baitu

 hirurek duten osoa

 eta bakoitzak maite du

 izaki hartan jasoa.

 

 Izaki hau bakoitza da,

 hark soilik bildurik zinez

 korapilo harrigarri

 adierazi ezinez.

 

 Beraz, neurrigabea zen

 maitasun-lokarri zena:

 hiruk maitasun bakarra,

 haien muina zeritzana;

 maitasunak bil-bilduan

 baitu goren bere izana.

 

 2

 

 Hiru Pertsonen elkartasuna

 

 Bien jatorri zuen

 maitasun neurrigabean

 Aita Semeari mintzo

 erarik goxoenean,

 inork jaso ezineko

 miragarrizko elean;

 Semeak soilik gozatuz

 beroni egin hitzean.

 

 Baina ulergarri zenak

 ez zioen hauxe baizik:

 -Seme, ez dut nik neuk pozik

 zure konpainian ezik;

 eta zerbait laket bazait

 zugan nuke maitatuko.

 Zure irudiko dena

 hura nik ere gogoko;

 zure antzik ez duenak

 ezer ez du enekiko.

 Zugan soilik dut atsegin

 ene bizi muin-muineko!

 

 Ene argiaren argi,

 zu ene jakituria,

 biziki pozten ninduen

 ene izate-iduria.

 

 Neurez hornituko nuke,

 Seme, zu maite zaituna

 eta harengan jarriko

 nuke gure maitasuna,

 maite izan zuelako

 hark ene maite kutuna.

 

 3

 

 Kreazioa

 

 -Emazte maitale suhar,

 Seme, nahi nizuke eman,

 zure balioagatik

 izan gaitzan gu beragan,

 eta neure ogi bera

 mahai berean duke jan,

 nik Semearengan dudan

 altxorra ezagut dezan,

 eta zu ederretsirik

 kontent liteke niregan.

 

 -Eskertzen dizut nik, Aita,

 -zion Semeak erantzun-;

 emazte horri emango

 diot neure argitasun,

 argi bidez ikus dezan

 ene Aitaren goitasun,

 harengandik jaso baitut

 neure barneko ondasun.

 

 Neure baitan eratzanik

 kiskal bedi zure sutan,

 poz minez zure ontasuna

 gorets dezan ordutan.

 

 4

 

 Jarraipena

 -Hala biz -zioen Aitak-

 zure maitasunagatik.

 Ta sortu zuen mundua

 esan zuen hitz hartatik,

 maitearentzat jauregi

 jakituriaz egina;

 bi zatitan bereizia:

 behealdea eta gaina.

 

 Behealdekoak zituen

 hamaikatxo ñabardura,

 goikoak, berriz, berekin

 harribitxizko apaindura,

 emazteak jakin zezan

 nor zen Senar maitatia,

 goialdean jarri zuen

 aingeruen jerarkia;

 behean atonduz, ordea,

 gizakientzat tokia,

 bere moldez ez zelako

 hura bezain egokia.

 

 Izaki eta tokiak

 hala bereizirik ere,

 emaztearen gorputza

 dira denak betiere;

 Senar berak maite-suaz

 bihurtuz emazte bere.

 

 Goikoak Senarrarekin

 bizi ziren poz-eztitan;

 behekoak, berriz, fedezko

 igurikatze bizitan,

 goratuko zituela

 esan baitzien egitan

 eta maila narras hura

 zuela altxa eraziko,

 ez zuela inork ere

 geroztik gutxietsiko;

 gauza guztitan kideko

 egingo baitzen haiekiko,

 eta haiengan murgilduz

 beraiekin zen biziko.

 Jainkoa gizaki egin

 eta gizakia Jainko,

 etxekotasun handitan

 ihardunez elkarrekiko;

 mahaikidetasun gozoan

 jan-edanean ariko,

 menderen mendetan bertan

 bizilekua jarriko,

 elkarrekin bildu arte

 soinu eztitan betiko.

 Hura zelako, izan ere,

 bere maitearen buru,

 zintzoen atalak hari

 lotzea zuen helburu,

 maitearen gorputzaren

 osagarri baititugu.

 Beso artean jasorik

 txit eztiki beragana,

 harengan isuri zuen

 bere maitasun dan-dana

 eta batasun estuan

 Aitarengana darama,

 Jainkoarengan gozatuz

 honek duen gozamena.

 Beraz, Aita ta Semea

 ta hauengandik datorrena

 elkarren baitan direnez,

 emaztea da hurrena

 ahozabalik gozatuz

 Jainko-bizitzaren barrena.

 

 5

 

 Jarraipena

 

 Goitik adierazi zaien

 hitzaren itxaropenak

 arintzen zizkien lanen

 unadura eta penak;

 baina tristatzen zituen

 Senarraganako minak

 eta itxarote luzean,

 hura gozatu ezinak.

 

 Horregatik otoitz gartsuz,

 antziz eta larriminez

 arren egiten zioten

 negar eta intzirinez

 noizbait etor zekiela,

 segidan lagun eginez.

 

 Batzuk honela zioten:

 «Garaikide gerta bekit!»

 Hauek: «Igor zazu, Jauna,

 igortzekoa jadanik!»

 Haiek: «Ai, ikus bazintut

 jaisten goiak urraturik,

 ez nengoke, horraitio,

 malko-iturri bihurturik!

 ¡Garasta goitik, hodeiak,

 lurra egarriz baitago;

 arantzatoki izan arren

 lur idor hau lehenago,

 orain erraiak irekiz

 loratu bedi oparo!»

 

 Beste batzuk honelatsu:

 «Bai dohatsu garai hartan

 bizi zena eta ikus

 zezakeena berbertan;

 bere eskuz ukitu ta

 lagun izan edozertan,

 eta gozatu ahal izan

 haren misterioetan!»

 

 6

 

 Jarraipena

 

 Arren bai arren eginez

 luze joan zen denbora;

 baina azken urteetan

 garrak egin zuen gora.

 Simeon zaharrak barnea

 zuen esperantzaz gori,

 Jaunari eskatzen zion

 ikus zezala egun hori.

 

 Eta Izpiritu Santuak

 agureari erantzun

 hitzematen ziola ta

 arretaz zezala entzun:

 hil orduko ikusiko

 zuela jaisten bizia;

 izango zuela Jainko

 bera hartzeko grazia

 eta bere besoetan

 besarkatzeko zoria.

 

 7

 

 Gizakundearen jarraipena

 

 Emaztea han bizi zen

 zama gaitzaren menpean,

 Moise-ren bidez eman zen

 legearen uztarpean.

 Eta hura askatzeko

 garaia bazenez gero,

 Aitak honela zioen

 bihotzetik samurkiro:

 

 -Ikus, Seme, zure emazte

 zeure irudiko egina,

 ongi zegokion hari

 izatea zure dina;

 haatik -zugan ez baitzen-

 haragiz zen ezberdina.

 Honetantxe datza, beraz,

 maitasunaren betea:

 maitalea maitearen

 antz-antzeko egitea(n).

 Kidetasunik gorenak

 dakar plazerrik onena;

 ezpaigabe emazteagan

 haziz joango dena,

 ikusiz haragiz ere

 bere antzeko zarena.

 

 Semeak erantzun zion:

 Nik ez dut borondaterik

 zurea baino besterik,

 zure nahiaz bat izanik

 nago ohorez beterik;

 eta zuk esandakoa

 egoki datorkit, Aita,

 zure ontasuna honela

 hobeki agertzen baita.

 Zure indar, jakituria

 lau haizetara atera;

 herriz herri joango naiz

 munduari esatera

 eder, gozo eta haundi

 zarela era batera.

 Nire emaztearen bila

 noranahi naiz ni joango

 eta haren neke-minak

 nik neuk ditut eramango;

 eta hura bizi dadin

 herioa dut jasango,

 eta idoitik jareinez

 zerorri dizut emango.

 

 8

 

 Jarraipena

 

 Orduan hots egin zion

 goiaingeru Gabirel-i

 eta Maria zeritzan

 birjinagana bidali.

 

 Honen baietzari esker

 burutu zen misterio;

 Trinitateak Hitzari

 haragi ematen dio;

 hiruk egin zuten lana,

 baten bidez, horraitio;

 eta Hitza sortua zen

 Maria zela medio.

 

 Lehen Aita soilik zuenak

 Ama ere badu jadanik;

 ez, ordea, beste edonor

 bezala sortu izanik;

 baten erraien barnean

 gorputz hartuz harengandik;

 Jainko Seme-gizaseme

 deitura du horregatik.

 

 9

 

 Jaiotza

 

 Jaio behar zueneko

 unea heldu zenez gero,

 ezkonberritan irten zen

 bere ezkonohetik txairo,

 besoetan zekarrela

 emaztea maitekiro.

 

 Ama dohatsuak zuen

 eratzan bertako askan.

 Abere mantsoak ere

 hantxe ondoan zeduzkan.

 

 Gizakiak euren kantuz,

 aingeruak doinu-saioz

 bien ezteiak ospatzen

 ari ziren bozkarioz.

 

 Baina Jainkoak sehaskan

 negar eta intziriak;

 haiek ziren emazteak

 zekartzan ezkontsariak.

 

 Eta Ama harri eta zur

 trukea ikusirikan:

 Jainkoa negar-intziriz,

 gizakia poz-eztitan,

 berez bestela gertatzen

 baitzen beti haien baitan.

 


inprimatu