Ama sortzez garbia
Jauregi, Luis
Irrintzi bat entzun da euskal errietan
dei-maitekor bat, eztia benetan
"Euskal-olerkariak, esnatu ta jeiki
ta abestu gure Ama Sortzez Garbia'ri.
Ta autsez josia, erdoi zikiñez jantzita,
oroigai zarren kutxa-gañean lagata,
aspaldi neukan nere lira euskalduna,
dardaraz ta urrumaka jarri zait kutuna.
Ta ara, ba-batorkizu olerkari zarra...
Ez bertsotan biltzera zure miñ-negarra,
zure Sortze Garbia'k zoraturik, Ama,
amesti ta maitale Zuganontz darama.
Maria...! Jainkoaren amets atsegiñ,
laño gabeko Zeru argitsu ta urdiña,
jaunaren loretegi mardul ta usaitsua,
Zorion-bizileku, babes paketsua...
Jaun-Goikoak bere eskuz, artetsu, maiteki
argi illezkorrez egin zindun bere irudi.
Ama eta Birjiña...! Zeruko Erregiñ...!
jaunak ederragorik besteik ezin egik.
Argatik zera jaun-Goikoaren
argi-dirdira bizia,
Goiko jaun orren bikaintasunen
ispillu beti garbia.
Aita jainkoak sortzen du Seme,
Bera bezin jaungoikoa
jaungoiko orrexen Ama. Zu zera,
beraz, jainko-antzekoa.
Jaun-Goikoaren urrengo mallan
zaitugu Zu, Zu bakarrik
Zeru-lurretan, beraz, eztago
Zu baño ederragorrik.
Mundu ontako edertasunak
zure aurrean zer dira?
Zure edertasun-errañutxu bat,
zure arpegi-dirdira.
Sortzetik Jaunak eman zizkizun
doaiak aupatzen ziñez
ari zaizkitzu olerkariak,
kantari maitasun-miñez.
Or dabilzkitzu gizaldietan
gizonak alkarren leian
Zure irudiak sortu ta sortu
ol, burni, arri, oialan.
Gure Eleiza Amak goratu zaitu
Jainko-urrengo mallaño
ta alare eztago ezautzerik Zu
Zerura jun arteraño.
Gure Amatxo Sortzez Garbia,
beti eder ta donea,
Zugan daukagu pekatariok
gure itxaropen ta ustea...!
Zuri begira, pake gozo bat
sortzen zait biotz-barrenean,
ta argi eztizko Zeru alai bat
jartzen zait begi-aurrean.
Orduan nere, bildur ta kezkak
itzaltzen zaizkit bat-batez,
ta zoraturik gelditu oi naiz,
aurra amaren besotan lez.
Ta ain garbia Zu, ain ederra Zu,
ikusten zaitudanean,
lotsaz josirik laztantzen zaitut
garbigoa izan naiean.
Oi, Ama errukitsu, gozo ta laztana...
Erakarri nazazu beti Zuregana.
Maite-kate estuenaz, Zukin lotu nauzu,
laga etzaitadan nik, iñoiz, Amatxo, Zu.