Ama gaxoa
Jauregi, Luis
Itxas-barrura euzki gartsua sartzen dijoa...
Dirdiska berriz sutan bezala dago itxasoa.
Kaiera dakar bultzaka aizeak aiz-ontzitxoa,
kaiera beira negarrez bertan ama gaxoa...
Arratsak bere janzki beltz-beltzez jantzi du lurra,
oraindik ere mendi goi-goian dirdiska elurra.
Magal beroan illotzik dauka alabatxoa
zuriz jantzi ta, lili-tartean. Ama gaxoa...!
Ontzi-mutillak beltzez ta bere aurrean,
zapi aundi bat beltz-beltza berriz ontzi-gaņean...
Itsas-ertzean ixil-ixilik illen erria,
arrizko gurutz baten azpian bere il-obia...
Ara illargiak maiteki dirdits dagi itsasoan:
andre bat dago beltzez jantzia, an, itsas-ondoan...
Ara, ba-dator illen errira, ai! ama alarguna:
ara, arkitu du ber'alabaren obi kuttuna!
Obi-gaņean negarrez dago ama gaxoa...
...Aingeruekin jolasan dabil alabatxoa...