Aita-semeak
Iturbe, Martin
1
AITAK:
Pozez beterik kanta ditzagun
gaurko onetan bertsoak;
egun onetan poztu ditezen
umetxoen gurasoak:
lendabizitik eskatutzen det
jasoaz gora besoak
«Egun on on bat eman bezaigu
zeruetako lainkoak».
2
SEMEAK:
Barruan dedan kezka bat nai det
bertso onetan azaldu:
beartsu danak norbaitengandik
laguntasuna bear du;
bakarrik utzi ezkero gaur gu
biar liteke berandu,
guraso ona lagun iguzu
betiko ez gaitezen galdu.
3
AITAK:
Guraso naiz ta umeengatik
egin det nik alegiña
baña semea zure joerak
sortuazten dit samiña;
utsa litzake alkarrengana
asarre bizi bagiña
seme, zergatik itza ukatuz
ixiltzen dezu mingaña?
4
SEMEAK:
Zure semea mututu zaizu
mingaña dauka ixilla;
lengo errua ez da ordaintzen
aita izanik abilla;
oraiñ alperrik zabiltza aita
zure semearen billa
aspalditikan arkitzen baita
biotz ta animaz illa.
5
AITAK:
Semea ezin esango dezu
gogorartu zaitudanik;
beti txintxoa izan da aita
zurekin goxo izanik;
zure aitatxok sekula ez du
izan beregan errurik
orrengatikan ezin esan zuk
aita gaiztoa dezunik.
6
SEMEAK:
Mundu onetan iñor ez gera
errurik gabe geranik
baña sekulan ez nun usteko
aita ain «zintzo» nuanik;
aitaren erruz galdu naizela
negarrez esaten det nik
nor ote da gaur giza-artean
ni zuzenduko nauanik?
7
AITAK:
Apaizak arte dauzkazu seme
ez etorri neregana;
saiatu zaitez zuzen betetzen
aiek dotriñan esana;
bakoitzak bere lana badegu
Zeruko jaunak emana
Zuek zuzentzen saiatutzea
dute oiek bere lana.
8
SEMEAK:
Beste gauztxo bat esan gabean
ez nuke nik gelditu nai
apaiz guziak sobra ditugu
ta artu genezake jai;
aitatxo bera biurtu da ta
semearentzako etsai
aurra galduta ikusi arren
aita trankil eta lasai
9
AITAK:
Seme maitea ez zaitez asi
aitari ezer eskean
zaartu arte lasai bizitzen
utzi idazu pakean;
ni bezelako kristau on danak
zertan ibilli nekean?
zerua errex irabazten da
azken aitortza trukean.
10
SEMEAK:
Semea ola baztartzen danak
ez du aitaren biotzik
ona zerala uste izan arren
ez daukazu kristau antzik;
mesedez aita ez aztu gero
emen esandako itzik:
denbora joan da ill ondorean
ez da sendatutzen gaitzik.
11
AITAK:
Oraingoz ere eman didazu
uste ez nun ostikoa
zure bertsoa nola nai ez da
erantzun gabe uztekoa;
kristau itxuran zuk bezin ondo
maite det nik Jaungoikoa
jaiero meza entzun ezkero
ez ote degu neikoa?
12
SEMEAK:
Kanpotik ardi itxura eta
barrundik otso bazera
alperrik zoaz jai eta aste
Komunioa artzera;
itxura egiñaz baldin ba-zoaz
jendea engañatzera
obe zenduke betiko utzi
eleizarako joera.
13
AITAK:
Mundu onetan seme maitea
ez da zuk uste aña gaitz,
zergatik ortaz gure artean
atera orrenbeste itz;
sekula ez det pensatu izan
«ni erruduna ote naiz?...»
bañan kezka bat sortu zait orain
«Ai nire obea banitz!».
14
SEMEAK:
Uste badezu zerala egiz
zure bururen jabea
aitor idazu etzeradela
batere erru gabea;
nere begian lastoa ikusiz
gorde zeorren abea...
gero egia azaldutzean
ez zeizu izango obea.
15
AITAK:
Gaizki dan gauza eduki bear
diximuloan gordea,
giza artean, itxuraz beintzat,
ona azaldu ordea;
oker dan ezer sortutzen bada
begira beste aldea...
biurri danai lagundutzea
ez al da karidadea?
16
SEMEAK:
Egia au da: jakitea ando
gauzak nola diran berez;
bañan egia mingarri bada
baztartutzen degu erruz;
borondatea oker dunakin
alperrik da ta... ezer ez!...
ikus nai ez dun itxua baño
itxu okerragorik ez.
17
AITAK:
Seme maitea ezagutzen det
oker ta itxu negola
aurrerakoan bide obea
artu bearren nagola;
aita batentzat seme on batek
badu ta naiko ajola
zu zintzo ta on izate arren
emango nuke odola.
18
SEMEAK:
Pentsatzen nuan ez ninduzula
aita utziko bakarrik
akats bat emen agertu ba-det
ez egin aita negarrik;
baldin alkarri lagundu ezkero
ez degu geio bearrik
aurrerakoan ez da izango
neretzat guraso txarrik.