inprimatu
Argia ta ama
Izenburua:
Argia ta ama
Sinadura:
Aire, Mixel (Xalbador [II])
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Aire, Mixel

Argitalpena:
Herria.
Urtea:
1983
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1723.zk.
Orrialdea:
5

Argia ta ama

 

Aire, Mixel (Xalbador [II])

 

 1

 

 Ez naiz emaztekiaz deus ez dakitana

 Bait ditut emaztea, alabak ta ama

 Amatxietaz ere zer orroitzapena!

 Guzien gorestea duket gaurko lana.

 

 2

 

 Amatxi ala ama berdin emaztea

 Alaba ttipi edo nexkato gaztea

 Zuen bertutetan den lehen bertutea

 Duzue zuen emazteki izaitea.

 

 3

 

 Gero emaztekia gizonen lerroan

 Ezarri behar dela hoin mundu harroan

 Emaztekia beti da ene gogoan

 Gizonak giren baino lerro goragoan.

 

 4

 

 Alabainan nola ez izan arrangura

 Ezin ordainduzkoa dugula zor hura.

 Den gizon haundiena jitean mundura

 Ez zena emazteki baten kreatura?

 

 5

 

 Munduari nai diot konprendiarazi

 Emaztekian behar dugula ikusi

 Sortzea aman eta gaituela hazi:

 Emazteari esker da gizona bizi.

 

 6

 

 Jotzen gaituelarik nunbait ere minak

 Edo beldurra sartzen badauku ezinak

 Badakit sosegu ta laztan goxoenak

 Izaiten zaizkigula emaztekienak.

 

 7

 

 Pollitenen berexten gauza pollitetan

 Zoin unisa dakizuen ez dakit dakitan

 Emazteki bat lore batzu eskuetan

 Bera da ederrena lore guzietan.

 

 8

 

 Zerbaiten ezartzeko garbi eta apain.

 Emaztekiak badu gehiago dohain

 Izan soineko edo sukalde ta mahain

 Garbitasuna bego eniaztekien gain.

 

 9

 

 Garbitasuna noizbait nolaizpait kolpatu

 Duen emaztekiaz hobenak nork ditu?

 Gizonak sagar batez ez balu tentatu

 Emazteak ez zuen behar hortaratu.

 

 10

 

 Ta bekatuak ere zerbait ondorio

 Emazteari beti utzi ote dio?

 Ala gaizki guziak atera zaizkio

 Sofrituz gizon batzu girela medio.

 

 11

 

 Emaztekia zutaz bada zer errana

 Bainan nik hau dut gaurko azken goresmena

 Bihotzetik jin zait ta onhar zazu dena

 Zu zira munduaren Argia ta Ama.


inprimatu