Ameriketan bakarrik Eskual-Herria gogoan
Aire, Mixel (Xalbador [II])
1
Lo nagolarik amentsetan-ta pentsatzen iratziarrian
Denbora puxka bat huntan nago trantze ikaragarrian
Urrikiz egin korropilo bat dut bihotzaren gainean
Ez bainiz egon ene denbora guzian Eskual-Herrian.
2
Eskual-Herrian hain da haundia Amerikak duen fama
Parabisu bat zela nik huntaz frangotan nuen entzuna
Bainan ohartzen da hunat jin-ta bere gostuz Eskualduna
Maluros dela hau hemen nola purgatorion arima.
3
Olibetako baratzeaz niz Ameriketan orroitzen
Jesus utzirik bera bakarrik Judas nola urrundu zen
Eskual-Herria ez ahal nuzu zuk Judasi konparatzen
Zure uztea zonbait nigar ta atsegabe zaut gostatzen.
4
Zertako nahi izan du hunat jin nadin ene zorteak
Zuzen ote da hoinbertze sofri dozen Eskualdun gazteak
Noiz pasatuko ote zauzkigu heldu diren bortz urteak
Ikus ditzadan Eskual-Herrian utzi izaite maiteak.
5
Maite direnen uztea bat da, gero dira hor konduak
Higuingarriak ere badauzka hainbertze gauza munduak
Egun guziez otoizten ditut zeruetako sainduak
Ez nezan garrait bakarrik nizan denboran etsimenduak.
6
Eskual-Herrian etsai bat ere nehoiz ez nuen izana
Ameriketan sartu-ta laster bazaut bat gainerat jina
Nahi dautzuet deneri erran etsai txar horren izena
Gure mintzaira maitean hori deitzen da bakartasuna.
7
Hau laguneri erraitearen behar-ordua dut sendi
Nehondik ahal badira diten beren sort-herrian geldi
Ni handik hunat jin berri niz ta dolutua zaut aspaldi
Ai! Ezagutu banu aski goiz zoin maite dutan Euzkadi.