Oraiko mendea
Irigarai Goizueta, Pablo Fermin (Larreko)
1
Mende laurdentsu bat du ni jinik mundura.
Kambio hainitzekin juaiki da dembora.
Eskolan ibili naiz bainan ez sobera;
Hainitz ikasi gabe handik naiz athera.
Geroztik ardura
Nekez lantuz lurra,
Jana dut segura.
Kantatuz gostura:
Pertsu bat zautalarik heldu burura.
2
Ni haurra nintzelarik gerlan ltalia
Hari zen bai orobat ere Espainia.
Frantziari oldartu zen Alemania,
Nahiz eta lehertu Europa guzia.
Oi zer desmasia,
Gerla itsusia.
Bakarrek bizia
Han dute utzia.
Hortan balitz akabo oi zer grazia!...
3
Erresuma bat bada indarrez bethea.
Mundu hau beretzea du bere chedea.
Lehenik nahas araz itsutuz jendea,
Nahiz jarri federik gabeko mendea.
Ahulen aldea
Baitu bilduchea.
Gu ganat bidea
Ez du hain luzea.
Oraino dakioke itzul haizea.
4
Gizonen asmatzeak dire izigarri.
Hainitzak dire hilka hartzeko elgarri.
(Atomikak) dezake mundu hau ezarri:
Arras dembora guttiz herrauts-ta su gorri.
Hainitz tresna berri
Da egiten hari;
Buruz zeruari
Baitute juan nahi
Bisita egiterat ilhargiari...
5
Ez zauku goiti huri gure laborantza.
Sos hainitz behar eta gutti esperantza.
Onthasun ttipidunak peontzan dabiltza;
Gobernuak ez baitu achola guretza.
Jin da mende beltza
Laborarientza.
Eskas da laguntza...
(Trakur) haundi gaitza
Nausituko zaukunetz neure ametsa.
6
Edozoin herrichketan oi gure mintzaira
Haurrer ez erakutsiz bai galtzen hari da
Bardin ez badakite mintzatzen erdara.
Halere nolazpeitka hartan mintzo dira.
Ikasiz erdara,
Dezagun begira
Hazkar guk Eskuara!
Eskualdun baigira,
Hari galtzen badugu akabo gira...
7
Nork nahik egiten du karrosa berria;
Eta altcha arazten egoitza ttipia.
(Motor) hoien gainean airetan jendia
Aski zalu dabila iduri choria.
Arima bizia
Askok ahantzia.
Neure gutizia
Litatke grazia:
Zeruan gozatzeko hango loria...