inprimatu
Xuberotar artzainari
Izenburua:
Xuberotar artzainari
Sinadura:
Aire, Henriette
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Aire, Henriette

Argitalpena:
Herria.
Urtea:
1990
Argitalpenaren urtea:
Alea:
2056.zk.
Orrialdea:
3

Xuberotar artzainari

 

Aire, Henriette

 

 1

 

 Bertsu idazten nere garaia oraintxe ote zaut jina

 Gogoan eta bihotz barnean, gorderik bait daukat mina

 Oltzartetikan Eihelarrera banaukan bide egina

 Galdua nintzan eta ez jakin nun zagon bide xuxena

 Uste gabean aurkitu arte han Xuberotar artzaina.

 

 2

 

 Gizon sendo ta arpegiz argi, irriparra ezpainetan

 Haren begiek argitzen zuten nola ekiak goizetan

 Izpiritua ere xorrotxa zerabiltzan solasetan

 Bizpairu ele elgarrekilan eginik bost minutetan

 Bozkariotan gelditu nintzan, gogoa atseginetan.

 

 3

 

 Handik hamabost bat egun barne, joanik berriz Xuberora

 Elgarri hitza eman bezala, kantari xapelketara

 Jende ostea biltzera zoan Iruriko zelaiera

 Bainan urrundik ikusi nuen artzaina malda behera

 Urratsa zalu, kopeta gora, iduri Jainkoa bera.

 

 4

 

 Elgarrekilan pasa ginuen oren pare bat goxoki.

 Kantu ederra frango entzunez, ta solasean laņoki

 Bat bertzearen ganikan gero zerk ote gaitu berexi

 Elgar agurtu gabe etxera trixterik jin maleruski

 Nungotarra den ta nola deitzen, hori bederen banaki.

 

 5

 

 Artzain horretan kusi nituen guziz dohain bereziak

 Buru gorputzez sanoa eta bihotz onaren graziak

 Baserria ta artalde on bat omen dabiltza guziak

 Aita ta Ama eta Amatxi gain-gainez tu goretsiak

 Jaun horrek ere ohore gaitzak lituzke bai mereziak.

 

 6

 

 Jadanik erran dutan bezala, ez dakit nun dagon bizi

 Ez eta ere nola deitzen den, Planes ala Polentzi

 Barna dauzkatan goresmen hauek orai nola helarazi

 Xori bat bainintz joan nindaike, utziz etxe ta lan guzi

 Artzain harenat, bai hegaldatuz, Xubero eta Garazi.

 

 7

 

 Euskal Herrian izan ote da horren heineko gizonik

 Eta ez dakit xuxen zer gaitik dagon mutil-zar eginik

 Engoitik behar zituenean bizpairu seme emanik

 Xuberoaldeko mazte gaztetan ez ote da zerbait onik

 Begi bihotzak ideki eta, hortaz agradatu denik.

 

 8

 

 Hiri barnetan galdurik gauden baserritar aurrideak

 Ez dakit beti hobeak diren hartu gintuen bideak

 Uste izanik on litaizkela, hemengo bizi moldeak

 Edo bihotza guziz haunturik, aberasteko xedeak

 Abandonatuz etxe maiteak ta kanpoaren berdeak.

 

 9

 

 Euskal Herria kenka txarrean dagola ez dut dudatzen

 Etxalde frango ikusten dira gero ta geiago hiltzen

 Bizirik gabe, hustuz geroztik paretak dira erortzen

 Euskara nola eta norentzat ari girade salbatzen

 Ez da Euskadin nehor izanen, gu ez bagira bermatzen.

 

 10

 

 Gure herria zori txarrean guaurek dugu ezarri

 Behar orduan, tenore zeno, ez girelakotz atzarri

 Aspaldi danik neska gazteak hirira dira igorri

 Eaborari ta artzainak utziz bakarrik han penagarri

 Bizia xutik eduki ordez, esku emanez elgarri.

 

 11

 

 Ni ere hemen nago Baionan, buru bihotzak hoztuak

 Amodioa eta fedea zaizkitalarik histuak

 Sor-herritik ez iduri urrun bainan erroak moztuak

 Halere beti gorderik dauzkat eta berriki piztuak

 Baserri baten erabiltzeko, gutizia zorroztuak.

 

 12

 

 Otoitz bat orai, emazte gazte, diozut bihotz-bihotzez

 Xuberon edo Garazin gaindi balinbazaude herabez

 Bortuetako mutil gazteak ez ditzazula mesedez

 Gutietsirik ta mesprexatuz utzi lanaren beldurrez

 Edo joanen naiz artzain harenat sehitzat edo lan eskez.


inprimatu