inprimatu
Urepeleko jaun ertor zenari
Izenburua:
Urepeleko jaun ertor zenari
Sinadura:
Aire, Ferdinand
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Aire, Fernando

Argitalpena:
Herria.
Urtea:
1972
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1142.zk.
Orrialdea:
5

Urepeleko jaun ertor zenari

 

Aire, Ferdinand

 

 1

 

 Urepeldarra bainaiz eta pertsulari

 Abisu heu urrundik, zerauta etorri

 «Eman behar zinuzke zonbait pertsu berri

 Gure artean egin lan onaren sari

 Gure herriko apez, zendu berriari»

 

 2

 

 Uharriet apeza, sortzez Aldudarra

 Urepeldarren artzain, higatu beharra

 Eginbidetan fermu, fedean azkarra

 Goragoko zerbait zen, etzen mundutarra

 Arimen salbatzeaz, zuk zinuen karra.

 

 3

 

 Zure dohaina etzen fedea bakarra

 Dohain batek berekin, geiago dakarra

 Herri maitatzen ere, ez zinen zu txarra

 Gudari bipil eta, Eskualdun suharra

 Gure hizkuntzak ere zintuen izarra.

 

 4

 

 Berrogoita bi urtez gure artzain gisa

 Egon zarenaz geroz engoitikan aisa

 Ezagutzen zinuen garen ardi klasa

 Bainan nahi zinuen, maltso eta basa

 Denak zeruko bortan ginetezen pasa.

 

 5

 

 Xuxen joan dituzu karguko urratsak

 Hala nola orena erloiko orratzak

 Zuk beti zeru aide, gogo ta bihotzak

 Ifernutik salbatu ditaizke bakotxak

 Jaunak entzun baditu zuk egin otoitzak.

 

 6

 

 Zonbat lan egin duzun apezgo bizitzan

 Gu gobernatu nahiz zerurako gisan

 Kar handienarekin beti zinabiltzan

 Kanpoan alegera serios elizan,

 Apez zintzoagorik etzitaiken izan.

 

 7

 

 Arrarotarik zinen zu artzain bezala

 Ikusi zaituztenek aitor dezatela

 Beti berotu nahiz arima epela

 Alha arruntetarik gaitzak zatozela

 Guretzat etzitzaizun on larre uspela.

 

 8

 

 Aunitz maitasun duzu gu ganat ixuri

 Bainan izana gatik bihotza hoin guri

 Egin izan daukuzu beharrez beltzuri

 Jainkoak daki zonbat gosta zaizun zuri

 Gogor egin beharra batzuetan guri.

 

 9

 

 Erranez ordreari ginetezen berma

 Bertzela etzaikela zerurat anima

 Iduria gatikan, zaharren sistima

 Beharrezkoa zela, zure katixima

 Hartu duenak bezik ez diro estima.

 

 10

 

 Jin zinenean gure arimen gidari

 Fede guzia hortan zinuen ezarri

 Osoki emanikan Jesus maiteari

 Beti ezetz erranez zure buruari

 Gauaz eta egunaz gure zerbitzari.

 

 11

 

 Kusi zaituenari elizatik kanpo

 Zer bihotza zinuen gogorako zaiko

 Zuhaurentzat gogorra lagunentzat flako

 Horrelakoa zinen ez dakit zendako

 Zuhaurentzat deusik ez, denak bertzendako.

 

 12

 

 Denak gerta gitaizke, gu zorigaitzean

 Eliz-gizonak ere bertzen sahetsean

 Zuk ere edan duzu turri kiretsean

 Ur hortarik iretsi duzun bakotxean

 Zer iragan ote da zure bihotzean.

 

 13

 

 Zuk eman kontseiluak, zuk egin graziak

 Ez dira geldituko nehoiz ahantziak

 Uzta ekar dezala, erain den aziak

 Zeruaz jabetzera herritar guziak

 Susta gaitzala' zure sinesmen biziak.

 

 14

 

 Jesus gatik hoinbertze egina borrokan

 Hartuko zinituen, beraren besotan

 Hoinbertze sinetsia zeru eder hortan

 Hor zaudela baitakit bat egiitekotan

 Gu errezebitzeko egon zaite bortan.


inprimatu