Xalbador hil zaigu
Oyarbide, Florian
Berri tristea berri illuna
benetan negargarria
Azaroaren zazpien gugan
Urepeldik etorria
bertsolari bat il omen zala
Xalbador agurgarria
begiak malkoz bustita dago
O, gure Euskal Herria!
Goiz goizetikan Urepelera
jende izugarri bildu
aietatik asko sariekin
Xalbadorgana urbildu
bere unerik ederrenean
da betirako ixildu
biotzetikan gaixo zegon da
poz aundiegiak il du
Bera omentzen zuten egunez
Xalbador maitea il zan
gure Jaungoiko Alguztidunak
berak naiko zuen gisan
jatorrago ta otxanagorik
bat ezin liteke izan
Urepeleko gure maixua
espiritu utsa bai zan
Xalbadorren bertsolaritzari
buruz zer esango det nik?
beraren berri ez dakienik
gaur ez dago euskaldunik
idazten eta kontatzen ona
iņor baldin bada onik
bat bear da ere bertso txarrikan
ez det berari entzunik
Juradu jaunak zu aurrerako
iritzia ematean
Anoetako txistu soiņuaz
era oroitu gaitean
jende guztia zereganatu
zenduan bertso batean
mirari ura ez da aztuko
bertso zaleen artean
Jaunak zerua ematen dio
zuzen jokatzen dunari
Xalbador zuzen jokatu zera
eta eman dizu zuri
zeren denbora lur maite ontan
saiatu zera kantari
zerutik ere kanta zaiozu
gure Euskal Herriari
Nola etzera ba orain egongo
Jaungoikuaren onduan
liburu on bat zabaldu dezu
eriotzeko orduan
ondorengoak ikas bide bat,
izan dezagun munduen
Jesusek era Moisesekin
orrelexe egin zuen
Mundu ontera jaio geranok
gero iltzea degu zor
eriotz ari ikusi gabe
ez da geldituko inor
zeruan zaude eta lekua
gorde guretzat ere or
besterik gabe agurtzen zaitut
ta gero arte Xalbador.