Pelota
Iraola, Rufino
-1-
Txukun, atsegin, polit, bikaina,
eder da harrigarria
Ezer badago zu bai zerala
Pelota maitagarria
Toki askotan bazaude ere
gaur zabaldurik jarria,
zu etzerade beste inundik
ekar edo etorria
Baizik benetan Euskalduna da
pelotaren jatorria.
-2-
Pelotan noiztik jokatzen dugun
ez noa agiri bila
Azterren hori ateratzea
izango da oso zaila
Nolanahire izan behar du
egundoko urte pila.
Dakiguna da behar duela
oso pertsona abila,
behar bezala menderatzeko
holako gauz borobila.
-3-
Jokua denez arriskatzen da
galdu edo irabazi
Egin behar da kontrarioei
tantoa galdu erazi.
Banaka eta bibita ere
sarritan dugu ikusi
Nolanahire zoragarria
hiltzerik ez du merezi
Nik juzkatzen dut bera dugula
euskal jokutan nagusi.
-4-
Bi pareteko toki batean
garbi ez dakit neurririk
lekuan mugak jarririk
Asko ta asko itxiak dira
sartu ez dedin euririk
Beste askotan aire librean
ezin eginda berririk
Baina ez dago nola-holako
frontoi gabeko herririk.
-5-
Txandarik ere hartu ezinik
jaiez bezala astetan
Neronek ere ai zer saioak
egiten nitun gaztetan
pelotaririk gabe etzegon
ezer herriko festetan
Baina benetan gaur gauza batek
jarria nauka kezketan:
ez dagoela partidu onik
herri handitan bestetan
-6-
Izan dezagun kontu handia
ezer baztartze horretan
errexa data eroritzea
etsaien atzaparretan
Atzerritarren deporte asko
dabil euskaldun lurretan
Oso gauz onak egon litezke
kirola kanpotarretan
Baina benetan geurea dena
izan dezagun arretan.
-7-
Pelotariak Euskal herriari
fama asko eman dio;
hobe genduen joku bakoitzak
hoinbeste eman balio
Munduan zehar hoinbeste mutil
eta ez da misterio
Gu nor geraden erakusteak
ez al du asko balio?
9ra noraino iritxi geran
pelota dela medio.
-8-
Denak banaka aitatutzea
gertatzen delako luze
Onak hainbeste izan dirata
ez dago oso errez'e
Gainera denok badakizute
zertako esan berriz'e
Omenaldi bat eskeitzen diet
bihotz, bihotzez holaxe:
Denei batera baina banaka
balitzake bezelaxe.
-8-
Badakizute era ezberdin
eta asko dagozela
Eskatutzen dut bakoitza eta
denak bizi ditezela
Ikusten dugu, bai, pelotari
berriak badatozela
Nahi genduke portatutzea
euskaldun onak bezela
«Pelota Vasca» deituagatik
ez da izango bestela.
-10-
Bertan gehiena jokatzen dena
aitatzea bidezkoa;
lehenik berak merezi duta
omenaldi tajuzkoa
Era guzitan bera delako
jatorren da berezkoa
Nerekin denak bat datozela
egina nago juzkoa.
Ederrak denak izango dira
ederrena eskuzkoa.
-11-
Guri bidea jarri zigunak
hor pelotari zaharrak;
hoien artean buru izanak
dirade Atanotarrak
Garai batean agintzen zuten
pelotan gipuzkoarrak
eta urrena hasi ziraden
irabazten bizkaitarrak,
gaur egun berriz txapeldun dira
gure senide nararrak.
-12-
Zaharrak dijoazen hainean
berriak zenbait aurpegi;
ikus nahi guk pelotaritzak
aurreraka dezan segi
Landara onak badatoz eta
ez azturatu gehiegi
Beste guztiak abaka gabe
ipintzen ditut gazte bi,
jarraipenaren eredu gisan:
Gorostiza ta Retegi.
-13-
Orain berrogei ta hamar urte
sortu federazioa,
txalogarri da, oso, geroztik
eman duen lezioa
Hainbat gazteri erakutsiaz
pelotan ofizioa
Bete eraziz behar bezala
denei obligazioa
Bestela zeinek aseko zuen
zegoen afizioa?
-14-
Adar ugari izanagatik
gure Euskaldun arbolak
batzuk ihartzen ari darata
irakiten dit odolak
Baina erabat soilduko denik
ez du uste Iraolak.
Segi dezala lanean gogor
pelotarien eskolak
eta betiko izan dezala
bizia gure kirolak.