Partidukeriaren ondorioak
Iraola, Rufino
Manuel Matxain kezkati dago,
hala dio bertsuetan;
neronek ere badut fedea
haren esan batzuetan;
batzuek ari diran bitarte
lan gogor, neketsuetan,
beste batzuek erori dira
demagogi faltsuetan.
Nahiz partidu gehiegi egon
errespetatzen dut hori,
nola ez dagon opiniorik
ukatzerikan inori,
baina buruan sartu erazi
nahi dizuet denori;
zatikatzeak kalte egiten
digula euskaldunori.
Exenplu bat nik ipiniko dut
arazo hau argitzeko,
ahalik inork ez badu ere
trapu zarrak garbitzeko;
besteren lanak lurpera behar
bera goian gelditzeko;
artikulu bat publikatu da
irain batekin hitzeko.
"Punto y Hora"ko artikulu bat
ez zait batere gustatu,
kontu ahulak azaltzez gero
zergatik tinta gastatu?.
Berria eta gizonarekin
ez zazutela jostatu,
holako bromak lehenago're
ez zaigu gutxi kostatu.
Kintana horren hiztegia da
apuntatzen den "blankoa",
uzten bazaio Atxondo Jaunak
moztuko dio lepoa;
obra guzitan baldin badugu
kritikan bezelakoa,
pailazoekin baietz elkartu
egingo nuke jokoa.
Horren barruak egongo dira
usteldu, eta lizunak,
bestela nola esan lezazke
zuri esaten dizunak;
Kintana eta Miliki edo
Fofo berdintzen ditunak
nere iritziz txikigi ditu
errota-harri pixunak.
Hiztegi hori akats gabea
denik nik ez dut esango,
baina Atxondok jartzen dun bezain
txarra ez al da izango;
gero, hoberik ertetzen bada
ez naiz zalantzaz egongo,
binbitartean ez al genuke,
ixilik ondo emango ?
Partidu batzuk elkarren aurka
ez da besterik funtsean,
gutxieneko ixildutzea
zegokigun gainuntzean;
demagogiak iltze tikiz gu
josten gaitu gurutzean,
benetan dauden arrazoitatik
bestetara urruntzean.
Ikusten denez zein partidukin
elkartzen zaren badaki
eta edozer gauza esaten
ez da batere erruki,
barnean beste arrazoi batzuk
ta hiztegia aitzaki,
errespetoa ere behar da
pixka, pixka bat eduki.
Beste batzuek hitzegiten dute
hontaz erdara garbian,
jesus berbera balira gixan
Apaiz Nausien erdian;
nik bezain ongi badakizue
horrelakoak zer dian:
lotsa gutxi ta azal gogorra
daukatenak aurpegian.
Zuk buruhauste izugarria
nonbait ematen diezu!
dena kalteko izango al da
piztu bada hoinbeste su?.
bestalde, berriz, hoien esanek
ez daukate hain bat pixu;
edozein txori-malok ez gaitu
jarriko zugandik izu.
Partidurik ez dut defendatzen
baizik gizona soilean,
Kintana, gero, badugu norbait
Jaunak! hizkuntza sailean,
hark gauza batzuk egin ditula
oso euskara zailean ?
giltza guztiak ez dira beti
sartzen ongi sarrailean.
Orain poto bat egitea da
gogok ematen ditana,
eta nik ere blankotzat aizu!
zu hartzen zaitut Kintana.
"Cachondok" dio, barka, Achondok
behar duela Quintana,
zu bezelakoak izatekotan
ipini hola: KINTANA.
Horra zuk Matxain bidea eman
nik bertso batzuk jartzeko,
ta kofradian dagon guziak
beretzat gogoz hartzeko;
ez dut gogorik eztabaidatan
beharrik gabe sartzeko,
baina ni ez naiz egiagatik
bildur batzukin txartzeko.