Ikasle eta irakasleei
Iraola, Rufino
-1-
Esker beroak antolatzaile
guzioi lehenbizitik.
Salba-bidea hor datorkigu
jendea ongi hezitik.
Euskal herria euskalduntzea
nahi da mundu guzitik.
Nola bertako, andaluz eta
etorriak Galizitik.
-2-
Izan ere da, gure arteko
arazorikan handina.
Euskal herria deitzen diogu
eta erdia dakina.
Erremedia dezagun azkar
lehenago hutsegina.
Hartu dezagun Beasain horrek
hartu dun bide berdina.
-3-
Obrarik gabe hutsa dirade
gure gogo eta hitzak
Kontzientzia beriz behar du
lan hontarako bakoitzak
Euskal herrian Euskera gabe
ez al dira oso motzak?
Mila teori baina hobeak
dira holako ekintzak.
-4-
Ez dakit zenbat izango diran
baina sail dexentea bai.
Gure Hizkuntza ikas nahiez
zeudenak aukeraren zai.
Garai honetan dituanean
hemen bertan hain bat etsai.
Inoiz ibiltzez gero oraintxe
ibili gintezke etsai.
-5-
Zuhaitz zuzenak ere badaki
ekaitzaldian okertzen
Irudi hori bera ez alda
zenbait gaztegan agertzen?
Lehen hainbeste maitatzen zutei
Euskera orain baztertzen.
Mila zorion dakizutenoi
euskal giroa suspertzen.
-6-
Inor baletor denbora galtzen
ari zerala esanez.
Atera zaitez hauzi hortatik
arrazoi hauxe emanez.
Mundu guzia batu nahi zuk,
langile diran gizonez.
Nik ere hortxe bildu nahi dut
baina euskaldun izanez.
-7-
Eta zuk jarrai bera pilatzen
zeure buru-apalean.
Behin Euskera entzun dezagun
lan toki eta kalean.
Gainera pozik hartuko zaitu
Amak bere magalean.
Ugaz semea berdin maite du
bere bihotz zabalean.
-8-
Baina berea ez dakitenak
ez dugu obea askoz.
Amaika aldiz busti dituzte
Amaren begiak malkoz.
Orain, emango diotela, bai
lehen pena hainbeste poz.
Euskera ikasi eta berriz
bera maitatuz badatoz.
-9-
Eta azkenik kontseju bi nik
Guziontzat onerako.
Zuen gogoak segi dezala
berdin datorrenerako.
Euskera guztiz ikasi eta
jartzen zeratenerako.
Etzazutela inoiz ibili
etsaiaren lanerako.