Ihauterietan disfrazerik bai ala ez?
Iraola, Rufino
1.
Ihauteritako festa
iadanik urruti ezta,
ispiluari joan natzaio,
aholkuak eska,
disfraze baten galdezka
pozez ez nago gainezka;
bat kendu eta jarri bai dizkit
aurrean bi kezka.
2.
Kontatu diot ametsa
eskatuz bere babesa;
esaten nion: «auzi honetan
zu zaitut jueza»;
horren errukirik eza!
eta erantzun traketsa:
«dudana baino hobeagoa
ez dela errena»
3.
«Burua erdi zuria
eta muturra gorria;
beste guztiek ere ederrez
antzeko neurria:
sudur eta belarria;
tripa haundiko gerria,
Baina!. Zergatik eskatzen duzu
disfraze berria»?
4.
Nik nola ez zu gorrota!
utzi bai nauzu lur jota;
sekula ez dit inork holako
piroporik bota;
zer daukazu nire kontra
hain itsusi ez nago-ta?
Harrokeria ikusten dizut
burura igota.
5.
«Disfraze bat izan naiak
egin bagaitu etsaiak,
honez aurrera ez datozkigu
ibili lasaiak.
Jakinik dauden garaiak,
modu hoberik esaiak:
gasturik jabe pasatutzeko
ihauteri jaiak».
6.
Disfrazeak behar ditu
gutxienez bi meritu:
haundi direnak txikitu eta
txikiak haunditu.
Horra auzia garbitu,
nahi duenak aditu.
Niri berdin zait ezinbestean
zatarrak polittu.
7.
«Erantzunik bizkorrena
dezakedan azkarrena;
egiak garbi esan beharra
daukat okerrena.
Disimulatzen errena,
ez da gauza jatorrena,
jantzi behar da egunarekin
ongi datorrena».
8.
Nauka amorrarazita,
adarra jotzen dabil-ta;
bakar-bakarrik prestatuko dut
ihauteri zita:
sonbrailu ta pajarita,
korbata edo lebita;
egunarekin ongi datorren
disfraze polita.
9.
«Arrazoiak arranetan!;
har dezazula arretan,
farre ederrak izango dira
kale baztarretan,
bazoaz planta horretan
urre eta zilarretan,
gera zindezke ihauteriei
betiko zorretan».
10.
Estaliko dut burua
ta ezpainetan purua,
sekula ez dut erretzen eta
disfraz segurua,
miatzeko ingurua,
etsai edo aingerua;
bat edo bati jarriko diot
-betiko zerua!
11.
Inoren bizimoduan
zabiltza sartu asmuan,
hobe zenuke nire ondotik
urrutira juan;
ertengo zara galduan
ta esanaren damuan,
ormaren kontra jota apurtze
zaitudan orduan.
12.
«Lagunak ginen berritan,
amaitu dugu erritan,
egiak mina ematen bait du,
bizitzan, sarritan;
mudantzaren egarritan
seinale duzu berrtan,
baina norbera ez onartzeak
galtzen du erditan»
13.
Amai dezagun hilera
hau ez baita ibilera;
zure ondora ez naiz etorri
leku humilera;
oso toki jakinera,
bihotzaren hurbilera,
lau kutxilkada eman didazu
ta daukat minbera.
14.
Airean dago auzia,
polit ala itsusia,
baina seguru nolabaiteko
karnabal jantzia,
sarde eta burruntzia,
piztuko dut su guzia,
ispiluari, agertzen bada,
aze igurtzia!
|