Euskara eta jakintza asteak
Iraola, Rufino
-1-
Gaixo daudenak ipintzen ditu
inoiz erabat tristeak
Lenaz gainera bere burua
ezinean ikusteak.
Bere indarrez ezin moldatu
lagundu behar besteak.
Irudi hauxe dira Euskera
eta Jakintza Asteak.
-2-
Euskal Herrian toki askotan
aurten egin dira jaiak;
ta beste asko gelditu dira
bete gabe beren naiak.
Ez duelako berdin obratzen
alde danetan etsaiak
Elkarren berri ez dakitela
dabiltza zazpi Anaiak.
-3-
Millaka urte ta gehiago
gure artean bizia.
Esan diteke zuretzat ere
sortu dela minbizia
Zurizkatua ikusten dizut
lengo kolore bizia.
Sinisten dugu nork bere baitan
daukala zure bizia.
-4-
Beraz semeak bihotzik badu
hiltzen ez zaitu utziko;
zu hilez gero ez al ginake
betiko lutoz jantziko?
Baina lagundu ezik ikusten
zaitut denbora gutxiko...
Piztu dezagun gure Euskera
Eternidade Guziko.
-5-
Noizbait behar da horretxegatik
hasi gerade lanean.
Euskal Hizkuntzak agindu dezan
gure lurralde danean.
Gu haustekorik ez da izanen
hori gertatzen danean.
Eta bizirik sartuko dugu
betiko zorionean.
-6-
Naizta igurtzi gaiztoak eman
erauntsiaren zigorrak;
naiz eta zainak mozten jarraitu
arbola honi satorrak.
Baina benetan biltzen ba gera
izanez seme jatorrak.
Oraindik ere iraun dezake
zutikan gure enborrak.
-7-
Jai-aldietan ikusi dugu
erabiltzen amaika gai
Gure jakintza ugaldutzeko
hitzaldi onak ere bai;
beste batzutan teatruetan
bertsoak entzuteko zai,
eta Euskeraz kantatzen dute
gazteak kaletan noiz-nai.
-8-
Txistua, soinu, dantza, teatru
bukatutzen ez den soka.
idi gurditan harri eginik.
EGOERA arazoka.
Gazte jendeak antolatuak
taldeka edo hauzoka.
Gainera Euskal liburuaren
eta diskoen azoka.
-9-
Euskal Asteak piztu behar du
euskal giroaren sua.
Saia behar du erakus dezan
garbi gure arazua
Ekin deiogun aldendu dedin
onda gaitun erasua.
Eta «Euskaldun» izanez pasa
dezagun urte osua.
-10-
Nai ez badegu gehigo senti
gure Amaren negarrik,
geure lanaren baitan dagola
ez dago esan beharrik.
Nai ez badegu Euskerarentzat
sortu ondorio txarrik
Ez gaitezela «Euskaldun» izan
aste batean bakarrik.
-11-
Aste batean ezin egin da
batek nai luken guzirik
Baina fruturik ez bai da heltzen
erein ezean hazirik
Nork bere eskus hazia landu
eta arbola hazirik.
Nolabait ere hola beharko
diogu eutsi bizirik.
-12-
Bukatutzean nik aste honi
eskatzen diot arrenka:
kendu ditzala taldekeriak,
gorroto eta erronka.
Ta ez gaitzala hanka motz utzi
len gabiltzanok errenka.
Gaizki dabilen makina zarra
dana ez dedin karranka.