Betiko leloa
Iraola, Rufino
Orain ere ditugu
ordena zorrotzak,
kenduko dizkigute
bizkarreko hotzak,
inpostu gehiago
hala dira hotsak,
lehenaz gain zimurtu
behar gure poltsak.
Emandako guzia
dutela tragatzen,
tranpa egin da berriz
erraz da trabatzen;
inolako moduan
ez gara sabaltzen,
langileak ez al du
bi aldiz pagatzen?
Honen gako guzia
badakit non datzan,
guregandik jateko
duten esperantzan
bien bitartean geu
beldur da zalantzan;
hemengo justiziak
nora garamatzan!!!
Soldata jetxi eta
zerga denak jaso,
hori sistima txarra
juzkatzen dut oso;
aurretik ongi mintza,
atzetik eraso;
hau,da libre gaudela
altxatzea preso!.
Kolpe hutsik ez dauka
horien ahoak,
beti, komeni zaien
makau ta tragoak;
opotik harrapatzen
gaitu ordagoak;
behartsuak geroz ta
behartsuagoak.
Gu diruz urri baina
osatuak lanez;
Hazienda bai ongi
guregandik janez;
hark hauxe egiten du
kalkula dedanez
daukanari kendu ta
gabeei eman ez.
Izurratzen gaituzte
mila aldetatik,
goitik, behetik eta
aldamenetatik,
guk ezin ihes egin
tranpa danetatik,
bat nola ez atera
bere onetatik!.
Hilabete ministro
ta erretirua,
gainera nolakoa
daukaten tirua,!
ta kontutik jateko
dagoen pilua,
hola nola ez bada
beharko dirua.
Ofensiba gogor hau
langileen kontra
indartzen ari data
burgesiak bota,
guk zer pentsako dugun
ez zaio inporta,
dirua bakarrikan
oroitzen zaio-ta.
Holaxe gabiltz ezin
gizenduz txerririk,
eta gaitzari ezin
bilatu gerririk,
aurten nola erosi
albarka berririk,?
berak jan da ez bait da
altxatzen herririk.
|