Aseguroak zer?
Iraola, Rufino
Gaur emazteak oherakoan
eman didan albistea!
ez nuen ahal loarentzako
nere begiak ixtea;
bere lagun bat agertzen dela
galdu zorian bistea;
hogei urteko neska batentzat
hauxen da hauxe tristea!
Gaitz txarren batek eraso eta
ari omen da itsutzen,
erabat ere itsutuko da
azkar operatu ezen,
baina munduan ez dago ezer
behartsuarentzat zuzen,
miloi erdi bat behar omen du
midikuak kupi daitezen.
Hara noraino iristen zaigun
gizonon kontzientzia!
basakeri hau ikusi eta
nork hartu pazientzia?
Ez da merkea, halajainetan,
neska horren gutizia;
lehenaz gaina gorrotatzen dut
kapitalismo guzia.
Baina ez pentsa histori dena
hemen amaitutzen denik,
seguroari bat berde
hileko eman lehenik,
berak ez ditu gero serbitzen
behar lukeen laurdenik.
Hemen dagoen injustiziak
Jaunok, ez dauka izenik.
Eta deskuidoz etortzen bada
era hontako gaixorik;
nahiz gauza ez konpondutzeko
agertzen zaien kasorik,
axolagabe geratzen dira
mutu bizkarra jasorik,
baina ez dago probintziz kanpo
seguroan deretxorik.
Barcelonara jo behar eta
hango erantzuna berriz;
etor dedila nahi duenean
miloi erdi bat ekarriz;
alde guziak josirik daude
lotsagabe eta zerriz;
amaika alu probetxatzen da
pobre, gaixo eta eriz.
Kontzientziak ez du agintzen
hola inor tratatzea,
are gutxigo arrisku hortan
bistarekin jokatzea,
baina ez pentsa kasualitatez
denik honen gertatzea,
kapitalaren interes bat
langilea zanpatzea.
Baina izango duzu laguntza
horren eskean bazatoz,
ahal duguna emango dugu
bihotz zabal eta gogoz,
gainera ez du ezerk ematen
on egiteak hainbat poz,
limosna baino borroka egin
ez al dugu hobe askoz.
Badakizue aspaldi hontan
nik nola idazten dutan,
batek ez bada beste zeozerk
beti naukalako sutan
hainbat arazo konpontzen zailak
darabilzkigu eskutan,
ta beste askok soluzioa
Jainkoak dakin lekutan.