Aralar mendiari
Iraola, Rufino
-1-
Naiņarritikan hasi eta zu
kilometroak luzean.
Eguzkiaren lehen musua
zuretzat dago goizean.
Artzaiak eta behor zaleak
beste batzuk ehizean.
Zenbat aldiz gu egoten geran!
Zu ikusteko pozean.
Zeinen ederki! ehiztariak
maltzurrak izan ezean.
-2-
Udaberrian lorez jantzirik
Holako alaitasunik!
Ez dago ezer edertasunez
gerturatuko zaizunik.
Bistan dago bai neguak ez du
galdu zure osasunik.
Baina milagro izugarria
aurten ikusi dizut nik.
Sekulan ez da zuregan izan
holako berdetasunik.
-3-
Artzaiak txistu eta "bee"ka
larrean dabiltz bildotsak.
Urrutiraino hegohaizeak
behorren zintzarri hotsak.
Lizar arbolan, kantuz, jilgero,
pinpin eta kaska-beltxak.
Baso ilunak aldamenetan
estaltzen gure ametsak.
Arkaitz tartean, haragi gosez
putre au! moko zorrotzak.
-4-
Lahar, otari, tontor, zuloak
joaz aireko atxurrez.
Bazter guziak hartu dituzte
ehiztariek txakurrez.
Erbietako bat harrapatu,
besteak aldatu lurroz.
Egun hauetan etzaizu mintzo
inor euskera xamurrez.
Lore ederrez lehen jantzia
gaur berriz asuin zimurrez.
-5-
Ardiek berdin jarraitzen dute
ez jakinean gaixuak.
Erbiak korri, begiak argi,
izkututikan pausuak.
Tamaina hortan hanka egin da
batzuk ez daude gozuak
Ezin bestean eskopetaren
gertutik doaz usuak.
Hala ere ez nahi orduko
hartu zuen abistak.
-6-
-"Aralar mendi, pake irudi"-
Aitonek erakutsia.
Baina legea, gure legea!
oinperatua, hautsia.
Behin habia zapuztuz gero
gose, negarra, antsia.
Aurrena nekez bildutakoa
goro indarrez utzia.
pake pakean egon balira
etzegon lutoz jantzia.
-7-
Jakinda biok euskaldunak gu
Jaunak egin ginuzela.
Eta jakinda gure artera
zelatara datozela.
Jakinda kea izan leikela
hegohaizetxo epela.
Jakin odolez busti leikela
basoetako orbela.
-"Hori jakinda nolaz hago hi
itsua baintz bezela".
-8-
Ai Jesus!, utzi dizute eta
hala ere da gaitzerdi.
Orain segi zuk bazkatzen behor,
behi, ahuntz eta ardi.
Berriro ere iritxiko da.
Zuregana hainbat erbi.
Ehiztariak sala ez ditzan
egin zaiezula argi.
Gorde itzatzu edertasuna
eta nortasuna garbi.
-9-
Nik bederatzi bertso horiek
bildu nahiez batean.
Pentsatutzen dut arrazoi asko
dedala hau esatean.
Izen batzuek goralduz gabiltz
hitzez ahoa betean.
Baina ekintza ere behar da
hasi halako batean.
Edo erbiak lotu dizkigu
diran arteko katean.