Amodiozko penak
Elorri-Arantza
1)
Heriotza igaro
da gure etxetik,
ez gera joan baina
beraren atzetik;
pasa behar izan det
herio latzetik
maitasun bat ostu du
nere bihotzetik.
2)
Maitasunez sorturik
nedukan lorea
ezta diruz ordaintzen
haren balorea;
udaberriko lili
fin da dotorea,
nere izate, dena,
nere amorea!
3)
Zoriontsu nintzaden
haren inguruan
eta arkitzen nintzan
babes seguruan;
geroztik pentsamentu
bat daukat buruan,
izar bat gehiago
badala zeruan.
4)
Gorputz liraina zuen
xuxen da melarra,
ezpainetan beti prest
zeukan irriparra;
Lastima! hain gazterik
husteldu beharra,
pentsatu hutsarekin
sortzen zait negarra.
5)
Lehen nere bihotzak
bazuen jabea;
orain bere nagusi
da bakardadea;
denbora gutxin berriz
doble edadea,
Luzaro nola bizi
zorion gabea!
6)
Heriotzak lortu du
Nola zatitzea
eta betiko gure
pozak amaitzea.
Haundia da HARK ere
hau ametitzea
hobe zun berarekin
batera hiltzea.
7)
Sinis zazue denok:
mutil eta neska
Amodioak ditu
poza eta kezka;
nahiz guk poztasuna
bakarrikan eska,
Nik bat beheran daukat
bestea gainezka.
8)
Haren faltan bizitza
ezin da edertu,
eta nik nahi nuke
nolabait agertu;
hilda edo bizirik
beregandik gertu,
begiak etzaizkidan
negarretan lertu.
9)
Bere alde eginaz
Jaunari otoitza
berari eskeiniaz
minutu bakoitza,
gogoratuz betiko
bildu ginan goiza
holaxe gordeko det
nik haren oroitza.
|