inprimatu
Mendian galdu direneri
Izenburua:
Mendian galdu direneri
Sinadura:
Aire, Ferdinand
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Aire, Fernando

Argitalpena:
Herria.
Urtea:
1973
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1209.zk.
Orrialdea:
5

Mendian galdu direneri

 

Aire, Ferdinand

 

 1

 

 Gauza triste bat publikatzeko kantatzerat naiz abian;

 horra zer berri zabaldu zaukun berriki Eskual-herrian

 laguntza faltak berekin duen pairamenaren erdian,

 hiru gizonek beren bizia galdu dutela mendian.

 

 2

 

 Etziren gure arrazakoak mendian galdu direnak,

 Jainko Jaunaren bixtan ordea anaiak girade denak;

 kolorez beltzak izana gatik, heiek ere ama banak,

 bertzek bezala sofriturikan, mundu huntarat emanak.

 

 3

 

 Afrikatikan hunat zatozin, eginik bide luzea;

 ezin jasana zuketen nunbait herriko ezin bertzea;

 beren bizia hobetu nahiz, gosez ta hotzez hiltzea;

 bas'ihiziek gorenaz dute holako heriotzea!

 

 4

 

 Diru zuteno laguntzaileak bazituzten ene ustez,

 bainan zonbaiten karitatea egiten da diru hutsez;

 hartarik kanpo axola guti bertzen arima gorputzez;

 gauza horrek nau orroitarazten Judasez eta Jesusez.

 

 5

 

 Ezin bertzea berekin dauka betitik herri pobreak,

 hango jendea tirriatzen du bizi modu bat hobeak;

 haren ondotik zalbiltzalarik, hil dira dohakabeak...

 Ai! Ezpeletan aurten nolako primaderako loreak!

 

 6

 

 Bas'ihiziak gerizatzeko badute lege bipilik;

 heietan zonbait ihiztatzeko ez du gizonak perillik;

 eta jendeak norbaiten faltaz mendian goseak hilik...

 Lege horien sustatzailleak gelditu dira ixilik.

 

 7

 

 Boteretsuak ilargiraino igan zauzkigun orduan,

 nehoiz bezanbat, injustizia ikusten dugu munduan

 batzu dirutan emokatuak, gako guziak eskuan,

 eta bertzeak ogia galdez, biziaren irriskuan.

 

 8

 

 Dirua deno gure nagusi, ikusiren da holako:

 aberatsentzat ateak zabal, pobrearendako;

 iduritzen zaut, gizona bada erreportxurik gabeko,

 bidea libro behar lukela nahi lekurat joaiteko.

 

 9

 

 Arrotz horiek horrela hiltzen ikusiz gure artean,

 nolaz eduki ginezake guk kontzientzia bakean?

 Orroit gaitezen, atsalde batez, Galbarioko mendian,

 gu guzientzat hil zela Jesus, kurutze baten gainean.

 

 10

 

 Jesus maitea, otoitzez nago kurutzearen oinetan,

 ixuri duzun odol saindua ez dadila debaldetan;

 gure lurrean hil zure haurrak harzkizu, otoi, besotan,

 arraza berex eta mugarik ez den erresuma hortan!


inprimatu