Mattin nigarrez ikusi dut
Aire, Ferdinand
1
Mattin, zu atzo arte, irriaren giltza,
gaur eskual mingainetan kurri zabiltza;
izpiritua duzu, argi ta zorrotza,
jend'artean omore, pitzarazle gaitza;
gainerako gauza
ginaukazun hotza,
zure nigar-otsa
ginuen arrotza
atzo ikusi dugu zure bihotza.
2
Atzo ere zinuen errai arpegia,
eman dautzuten arte suiet berria
harek zaitu ezarri, galdurik irria,
nigar bero batekin, bustirik begia;
ixtripu guzia
zagon ikusia
zure sarraskia
zutela hunkia
gorderik zineraman zauri bizia.
3
Aranalde apeza, gai-emaile fine,
hark dauzu jauzarazi, nigar-zotina;
semeaz kantatzea, zauzun galdegina,
nola Paris alderat, zaitzun aldegina;
ez bada burdina
atzotik aintzina
daukate jakina
zonbat den samina
seme urrunduaren aitaren mina.
4
Mattin, ni ere nauzu, naigabean lagun,
nola biek semeak urrun ditugun ;
Jainkoak berak daki nor giren hobendun,
ala guhauren faltaz urrundu zaizkigun;
hola gau ta egun
egon gabe ilun,
aztertu dezagun
joan aintzin hoin urrun
hartze uzten laguntzik eman diegun.
5
Horra, ikusten duzu, etzira bakarrik,
zama hau har dezagun, bi aldetarik;
bainan, laguna, otoi, ez egin nigarrik,
gure semek ez dute tristura beharrik;
ez cute hargatik
desterru hartarik
ahanzten aitarik
ez eta amarik;
urruntzeak hortako ez du indarrik.
6
Ez dezagun eduki, horrenbertze dolu,
semeak itzuliko baitzerauzkigu;
herria ez uzteko, hoinbertze aholku
gure kantaldietan emanik badugu;
uda eta negu
eskual semer oihu
egin diotegu;
zer medikuak gu
gaitza etxean sartzen balitzerauku!
7
Eskual haurrak etxetik urrun joaitea
da mendeak dakarren ezin-bestea;
jakinik baduela zorion-partea,
hura ezin bilatuz dabila gaztea;
gure gizartea
herria-etxea
semetaz hustea,
zer gauza tristea!
Urrikal zakizkigu, Jainko maitea
8
Atsegaberik bezik ez dago munduan;
ait'amek ezin beira haurrak ondoan,
urrundu denak berriz herria gogoan;
errazu zoriona nun dagon orduan
lurreko guduan
gaiten hau buruan
aintzin alde joan
sineste fermuan
saria badaukala Jaunak zeruan.