Ameriketan diren zombeiten bizimoldea
Hirigoyen, Martin
Adios Amerikari eta agur Europa maitea!
Hemen erratea bezin errecha balitz hori egitea!
Berek frogatu ez dutenentzat neke baita sinhestea
Zer atsegina liteken gure sor lekuen ikustea.
2
Kanta dezagun nahiz ez garen alegera bihotzean
Gure berriak zabaldu nahi ditut Europa aldean
Amerikarat etorri ginen dirua bildu ustean
Zombait hain aberats gare nola untzitik ateratzean.
3
Gure zaharren erranez orai askotan gare orhoitzen:
Non nahi ere choriek bere mokuez dutela yaten;
Erran zaharrak gehienetan egiak dire gertatzen
Ameriketan ere dirurik ez da zerutik erortzen.
4
Irabaziak badire bainan lanean behar da hari,
Nehork deusere ez du ematen geldirik dagoenari;
Egun batean irabaz eta bertzean ostatuari
Ez dagokagu agur eginik gisa huntan Europari.
5
Zombat buraso, haurride, lagun berriez berantetsiak
Dudarik gabe yakindu nahi zintuztekela egiak
Zombaitenak aditzearekin diren bezala guziak
Orduan hobekiago busti zinetzakete begiak.
6
Zer probetchu da, erran dezagun gauza ez dena badela?
Ez dugu hainitz igurikitzen aberastuko garela
Askotan deliberatzen dugu gambiatzea bertzela
Chedeak onak ditugu bainan eginbidetan gibela.
7
Aitortzen dugu erran, zaharrak ez dire oro gezurrak:
Zahartuz geroz ez ditazkela chuchen arbola makurrak
Adios Europa maiteari, hainitz yo gaitu beldurrak
Ameriketara gorde beharko direla gure haurrak.