Mikel Lopategiri
Hire lagunak
I
Malko gabeko negar legor ta
karraxi ixil batekin,
gaur egun berri txarrak horrela
dakarkizkigu geurekin:
zazpi urteko gartzel luzea
zeraman gogo onekin,
azkenik bere indarrei ezin
atera inongo etekin...
Mikel horrela zapaldu dute
nazi batzuen grinakin.
II
«Euskal Herria askatu arte»
eman huen lehen hitza,
arrixkatuaz hire gorputza,
odola eta bizitza;
etsaiak makur erazi nahi zun
hi bezelako haritza
gogorrenean erabiliaz
gerra zikin ta likitsa,
sasi-abertzaleen laguntzaz
horrelaxe baitabiltza.
III
Adizak Mikel, Herri presoak
bizi diren egoeran
traidoreak azaltzen dira
perretxikoak bailiran,
beti diru ta boterearen
gain-petik jira-biran,
beren «fedea» ditek jarria
une ustelaren dizdiran,
azken-azkenik portaturikan
etsai maltzurrenen eran.
IV
Mina eman dik zazpi urtetan
jasandako zigor danak,
bainan seguru gehio Herrian
bertan gertatu direnak:
batzuk etsairik zorrotzenari
beren laguntza emanak,
sasi-abertzaleek arintzen
etsaien negar ta penak,
bitarten beren seme-alabak
zulotan utzi izanak...
V
Zulo hauetan utziak eta
gaizki esaka gainera,
hire heriotz egun horretan
hau da beren mintzaera:
«Guretzat gaizki etorri zaigu,
goazen egia esatera,
ez da batere egoki izan
gutzat horren portaera»...
ta jainkoan izenean doaz
berek dakite zertara!!
VI
Gizarte berri baten atzetik
eman duk hire bizia,
hor oraingoa usteldu da ta
desegiten da hasia;
ustel kiratsak ez du galazten
ernetzeko den hazia,
eta zabaltzen doan bitarten
herriaren karraxia,
gizarte berri hori daukagu
denontzat irabazia.
VII
Gauz guzti hauek, zoritxarrean,
haute gartzelan erahil;
hire heriotza jendilajeak
garaitz bat balitz darabil;
nahiz-ta «piñuve» eta EAren
agintarik izan abil,
eta EEko guzti-guztiak
era berdinean ibil...
hik erakutsi duana hau da:
«damutu baino, hobe hil»!!!