inprimatu
Beatak
Izenburua:
Beatak
Sinadura:
Heuty - Ithurria - Guilbeau
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Guilbeau
Heuty
Ithurria

Argitalpena:
Herria.
Urtea:
1962
Argitalpenaren urtea:
Alea:
646.zk.
Orrialdea:
4

Beatak

 

Heuty-Ithurria-Guilbeau

 

 1

 

 Kantatzerat noha ni omore onian,

 Suieta kausiturik Azkainko herrian.

 Nahi dautzuet erran hemen konpainian,

 Zer liliak ditugun beaten artian.

 

 2

 

 Elizan kantatzen da: «beatam me dicent!»

 Holako egiarik nik ez dut aditzen:

 Orai hastera noha ni horren frogatzen,

 Bertsotan naizelarik beatez mintzatzen.

 

 3

 

 Beatez mintzatzian errazu non nahi:

 Dotzena bat beata, medisent hamabi...

 Zenbaitez choilki hemen naiz mintzatu nahi:

 Heiek izanen dire guzientzat bahi.

 

 4

 

 Elizatik ez urrun dire lau presuna,

 Atabala karrikan jotzen dakitena.

 Tatchatto bat badute orok dakitena:

 Mihia luze, sarkor, iduri eztena!

 

 5

 

 Hola nola erlea, kofoin bazterretan,

 Lorez-lore dabilan egun ederretan,

 Hala gure beatak dabiltza etchetan

 Nundik zer berri eros, saltzeko bertzetan.

 

 6

 

 Oraino aditua erraten balute!

 Bainan joste-brodatzen ederki dakite.

 Berga bat eros eta biga saltzen dute,

 Ofizioa ongi ikasi baitute.

 

 7

 

 Ibiltzen dire bada usu kofesatzen.

 Zer othe dute hantchet chilorat botatzen?

 Erdiak erran eta, bertzeak gordatzen:

 Medisentzia ez da etsaminan sartzen.

 

 8

 

 Igande-astelegun elgarrekin dire.

 Lan eginaren arras adichkide dire.

 Trufan eta musikan bertzez ari dire.

 Ezpalute bezala tatcharik batere.

 

 9

 

 Aintzinetik pereka, gibeletik jorra,

 Da egun bakotcheko heien lan bakarra,

 Imitatuz ederki animale tzarra,

 Zeinak baitu eskuaraz izena: zakurra.

 

 10

 

 Adinak ez diote zentzua ttipitu:

 Ez dute egundaino untza bat izatu.

 Beharko dute naski mutchurdin gelditu,

 Ez hartzekotzat zenbait kabeza churitu.

 

 11

 

 Bizpahiru badire ezagut-errechak,

 Denborak baitiozte erran bere tatchak:

 Batek larrua chimur, bertzeak hortz motchak:

 Berrogoi urte segur baituzte bakotchak.

 

 12

 

 Guziek balukete ezkont-gutizia,

 Norbaitek nahi balu andre hitzuntzia.

 Inkanta dadiela botiga guzia,

 Azkainen ez dadin gal beaten hazia.


inprimatu