Txekor zazpikia
Aierbe Iraola, Joxe
Beiak umea laister
egingo omen du,
aitonak esan du,
zer gerta ere iñor
ez bedi aldendu.
Une larri oietan
nola ez lagundu!
Aurreratua dator
ez dabil berandu,
egiten asi eta
ederra egin du!
Denborarekin nago
naiko kezkatuta,
denak kontatuta
zazpi illabeterik
oraindik ez du-ta.
Miatzen aritu naiz
eskua sartuta,
bizirik dago baiña
oso larrituta,
kontuz, onek laguntzak
bearko ditu-ta!
Bazkaltzen asi eta
erdi bukatuan
giñan momentuan,
orro txiki batzuek
entzun genituan.
Ikullura joan giñan
denok segituan,
Txekorra jaioa zan
naiz erdi ituan,
lan guztiak bakarrik
egin bai zituan!
Beiak egindakoa
zala nola esan?
Ain txikia bai zan,
ao-zulotik aize
arnasa ar zezan.
Bere onera azkar
asko etorri zan,
txikia izan arren
osasuna izan,
andik ordubetera
zutikan jarri zan.
Emen alperrik gaude
orrenbeste lagun,
zer egin beagun:
bear diran amarrak
prestatu ditzagun.
Argia itzalita
aldegin dezagun,
iñor bixtan ez dala
etzango da ordun,
ea guk bitartean
bazkaldutzen degun.
Auzoan badaukagu
txit andre laiala
eta bereala,
berria eman nion
aal nuan bezela:
- Biberoi bat derrior
bear genduala...
-Aur txikiren bat jaio
al zaizute ala?
-Ez, -esan nion- txekor
batentzako zala.
Ez dakit sinistu zun
nik esandakoa,
ez da aritzekoa,
baiña denboraz eman
zidan baiezkoa.
-Nunbait izan bear du
nola alakoa,
ez da izango, noski,
gaurko modakoa,
Axier'ek txikitan
ibilitakoa.
Manta batez estali
ez dedilla oztu
eta au ez aaztu:
amaren esneari
ur pittin bat naastu.
Iru ordutik iru
ordutara juxtu,
biberoikada ori
bearko du ustu,
txikia izatea
beste gaitzik eztu.
Albaiteroa bear
degu nunbaitetik,
dei aldamenetik,
baita etorri ere
azkar nunbaitetik:
-Esnea eman baiña,
biberoi batetik...
-Gure etxean ez da
aspaldin ortatik.
-Ez baldin badezute
ekarri auzotik.
Sano itxurakoa
da nere ustean
jaten ikastean:
pentsua eman lasai
azpilla betean.
Nai duan aiña esne
bien bitartean,
pixua kontrolatu
papertxo batean,
kilo bat irabazi
bear du astean.
Aitona txoraturik
dago berarekin
eta zaintzen jakin,
ondo konpontzen dira
biak alkarrekin.
Ikusten duanean
biberoiarekin
saltoka beregana
giro da arekin,
ez du ezer jakin nai
beste iñorekin!
Neurriz arkume bat
aiña alde-alde,
zerbait bada alde:
jale izugarria
era pozik gaude.
Aitonak mantentzen du
baiña ez debalde,
-Zenbat kostako ote da?
-egiten du galde.
Iñoiz ez da egingo
berrogei erralde!
|