inprimatu
Orhi-ko xoria
Izenburua:
Orhi-ko xoria
Sinadura:
Harozteguy, G.
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Harozteguy, G

Argitalpena:
Herria.
Urtea:
1965
Argitalpenaren urtea:
Alea:
775.zk.
Orrialdea:
4

Orhi-ko xoria

 

Harozteguy, G.

 

 1

 

 Orhiko, xoria Orhin bakean da bizitzen.

 Bere larre-sasietan ez da hura unhatzen.

 Han zen sortu, han handitu, han ari zen maitatzen;

 Han bere umen artean goxoki du kantatzen.

 

 2

 

 Urusa harek bezala egiten dakiena!

 Orhin sortu eta Orhin gazte zahartzen dena!

 Aditzez baizik ez daki zer den kanpoko ona;

 Bainan aldiz jastatzen du etxeko zoriona.

 

 3

 

 Bego etxeko xokoa oraino norberari!

 Bego aitamen etxola haurrik hazienari!

 Etxea beti etxe da, zenbat den itsusgarri;

 Kanpoa beti kanpo da, zenbat den edergarri.

 

 4

 

 Etxean pena guziak dirade kontsolatzen;

 Etxean zauri minenak nolazbait ere hesten.

 Irriak, solas gozoak, non dirade han baizen

 Gau-aldera familia denean bateratzen?

 

 5

 

 Familiako bizia, zein zaren plazertsua!

 Zutaz gabetua dena, zertaz da jabetua?

 Umezurtzen iduriko dabila herratua

 Ezin bere bihotzaren aurkituz sosegua!

 

 6

 

 Zenbat urrikari dutan bizi dena kanpoan!

 Bera da beretzateko mundu huntan osoan!

 Jendez da setiatua, eta da desertuan!

 Laguntza onik ez duke bere behar-orduan.

 

 7

 

 Etxeko txarra hobe da ezez-ez atze ona;

 Atzeak ez du balio etxekorik txarrena:

 Hori da alde orotan kurri doan errana;

 Bainan ongi aditzeko frogatu behar dena.

 

 8

 

 Nik segurik zinez dakit nolako den kanpoa;

 Itxura hainitz du eta funts hainitz txarrekoa.

 Etzaitela hari fida: leguna du mintzoa,

 Bainan gero sartzen dautzu ezten pozoatua.

 

 9

 

 Beraz gutarik bakotxa etxean egon dadin!

 Orhin sortu balinbada egon dadila Orhin!

 Zertako hainbertze urhats zorionketa egin?

 Etxean du zoriona nork berak berarekin.


inprimatu