Geroa nola ikusten
Guillemet, Bernard
1
Kazetetan daukute orai galdatua
Nola ikusten duten gizonek geroa.
Hogoi urtetan,
Berrogoietan,
Ote da berdina?
Hortaz errango nuke neure pentsamena.
2
Hiru urteko haurrak nola du gogoa?
Segur bestek bezala bere gostukoa.
Egun asetze,
Bihar jostatze,
Hoi, hoi, betikoa!
Ez ote da denena holako geroa?
3
Zazpi urteko haurrak asmatzen duena,
Jadanik uste baino gorago dagona:
Egun jakintsun,
Bihar kargudun,
Eni nausigoa!
Eskolatuz nahi dut ospezko geroa.
4
Hamalauetarako haurraren pentsua,
Hezgaitz guzien pare nehoin menekoa:
Egun obedi,
Bihar sumeti,
Oi berebergoa
Noiz gozatuko duket zutan den geroa?
5
Hogoi urtetan diren gazteen asmua,
Bihotza amodioz daukate hantua:
Egun lau musu,
Bihar berritz su,
Oi zoin gixakoa!
Betiko primadera guretzat geroa.
6
Berrogoi urtetako gizonak zer dio?
Etxeari badauka hainitz amodio.
Haurrak gotortu,
Funtsak haunditu,
Orai deskantsua!
Semeen menturan dut nik neure geroa.
7
Hirugarren saileko gizonen buruan,
Pentsamendu ilhunak dabiltza usuan
Hatsa laburdun,
Errematisdun,
Gure egungoa!
Ez dukek hobeago heldu den geroa.
8
Laugarren sailerako gizonen gogoa,
Hurbiltzen ari dela heier herioa:
Egun bizidun,
Bihar gabedun,
Lurrean ziloa,
Guri tonbaren pean biharko geroa.
9
Gauza aldakorra da gurekilakoa,
Hemengo denboraren araberakoa.
Egun hola duk,
Bihar hala duk,
Mundu huntakoa,
Zeruan duk berdina betikotz geroa.