BErtso berriak konstituzioari jarriak
Etxebarria, J.R.
Konstituzio berri bat dela
bertsotan goaz hastera;
dauzkan "bertute" izugarriak
beldur gabe kontatzera.
Espainiako Madril aldean
prestatu digute bera.
Nolakoa den arakatzeko
oraintxe dugu aukera.
Gure mendeko hirurogeita
hamazortzigarrenean
Espainia batu, handi ta libre
estatu liberalean,
Ganbara bitan bilduak dira
elkartasun ederrean,
Herri ttikiak izorratzeko
herritarren izenean.
Baietz esaten baldin badugu,
erabat gaude galdurik.
Euskararen aldeko kanpainak
guztiak dira alferrik.
Zertarako, ba, ikasiko da?
Ez dugu haren beharrik,
espainol denek erdararekin
ba dute sobra nahikorik.
Txakur pilo bat etxe barruan
gauzak daude oso bero.
Horrelakorik ezin onartu
berrogei urte ta gero.
Tentsio handia, dugu hoiekin
goiz, arrats eta gauera,
martxa honetan bake izpirik
ezingo dugu espero.
"Terrorismoa" desagertzeko
asmapen originala.
Lege zitalak ematen die
diktaduraren kanala.
Herri xehea ikaratzeko
pentsatua izan dela.
Besterik ezer ez dugu eskatzen:
"Ken dezatela berehala!"
Langile oro ikaran dago
Hauxe egoera latza!
Kaleratzeak libre izango
direla ez da zalantza.
Krisi-denboran pobrea gaizki,
ez sekula aberatsa,
azken honexek ez du galduko
inoiz ere bere poltsa.
Foruak ere aipatu dira
baietza lortzeko asmoz.
Horik berriro edukitzea
bultzatuko dugu gogoz.
Baina hitz hutsez konformatzeko
geure Herrian ez gagoz.
Askatasunerako bideak
ireki ditzagun behingoz.
Oraingo bertso hau da azkena
amaitu zaigu mitina.
Euskal Herria beti izan da
langile zintzo ta fina.
Kantazaleak garenez gero,
presta aho ta mihina.
Guztiok batuz esan dezagun
gogorki EZETZ samina.