Milla bederatzireun eta
Etxaluze, Jose Mari
-1-
Milla bederatzireun eta
irurogei ta beatzi,
eguardiko ordubatean,
Otsailla'k emezortzi.
Aizete zakar, beldurgarriak,
kupira gabe igurtzi,
eta guk ainbat maite genduen
arte zarrik gabe utzi.
-2-
Ainbat urtean gukin egonda,
egin diguzu agurra,
mundu ontako izatea da
luzena ere laburra.
Zure etsaiak izandu dira
aizea eta elurra,
Kristo'antzera iru alditan
jo erazi dizute lurra.
-3-
Irugarrenez lurra jo dezu,
geiago ez jeikitzeko,
zerez etzenduen zuk errurik
era orretan aultzeko.
Gizon geranez, gureak dira
erru danak zu galtzeko,
zure errua, ez dezula izan
iņor ere laguntzeko.
-4-
Zabarkeri ta ardurik ezak
sarritan ekartzen du gaitz,
etorkizunik ez dan lanetan
gu era ortantxe gabiltz.
Errurik geien duten oieri
gogor egingo diet itz,
obeto kontu egingo zuten
jatekoa izan balitz.
-5-
Bati au eta besteei ori,
berriketan zertan jardun,
bakoitzak berak ikusi beza
zer gauzetan utsegin dun.
Geure obenak beldurrik gabe
garbi aitortu ditzagun
zeraindar eta au maite dutenak
danok gerade errudun.
-6-
Arbola zarra, gizaldi zear,
zutikan iraun zenduan,
baņa betiko sortua nunbait
zu ez izandu munduan.
Baldin zugana maitasunikan
senti ezkero barruan,
landare gazte berri bat sartu
bear genduke onduan.
-7-
Arte zarra, zuk ez dezu izan
gure maitasun epela,
tamalgarri da, baņa egia;
ez nun esango bestela
Esan diteke zeraindarrentzat
zu estorbuan zeundela,
zoritxarrez, euskaldun askontzat
euskera dagon bezela.
-8-
Lengo oitura maitagarriak
geu ari gera oinperatzen,
etxekoari ateak itxiz,
kanpokoari zabaltzen.
Lenago arrosak zeuden lekuan
arantza beltzak aldatzen,
Jainkoak emandako pitxiak
guk ez dakigu maitatzen.
-9-
Arbola zarra, naiago nuen
zutikan iraun bazendu,
zure oroitza iņolaz ere
burutik ezin dek kendu.
Begiak malkoz betetzen zaizkit;
biotz barrena samindu,
azken agurra egin bearrak
noiznai miņa ematen du.
-10-
Zuk aizearen atzaparretan
or eman dezu azkena,
gurea nola izango ote dan
kezkaz bete zait barrena.
Guretzat ere ixil-ixilik
iritxiko da eguna,
Sortzaillearen aurrean kontu
eman bearko deguna.