inprimatu
Bi haur ukan ditut
Izenburua:
Bi haur ukan ditut
Sinadura:
Etcheverry, P.
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Etcheverry, P

Argitalpena:
Herria.
Urtea:
1970
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1034.zk.
Orrialdea:
5

Bi haur ukan ditut

 

Etcheverry, P.

 

 1

 

 Bi bihotzen lokarritik jalgi lili ederrena,

 Lokarririk goxoena gero irzaturen dena,

 Haur ttipia munduratzean, zer plazerra aitamena

 Bereziki hori delarik igurikatu lehena.

 

 2

 

 Amaren sabel beroa utzirik nahi edo ez,

 Etortzen da garrasiaz harat itzuli beharrez,

 Amak aldiz memento hartan hain luzaz egonik minez,

 Soinu maitagarriagorik entzun dezakea zinez?

 

 3

 

 Gaindi doa atsegina uruski delarik jina;

 Oren hori, zorigaitzez, ororentzat ez berdina,

 Neretako bozkarioa bilakatu bihozmina,

 Ezin-ahantzizkoa dutan orroitzapen bat samina.

 

 4

 

 Lehen haurra ukan nezan, hobekienik agian,

 Amatze-tegi batean emaztea nuen eman;

 Beteak zituen denborak bederen aste bat hartan,

 Beldur kotsu bat salbu eta, gostuan halere goaitan.

 

 5

 

 Agertu zen haur ttipia azken hatsa botatzeko

 Lili sortu ta lili hil, ez baitzen mundu huntako,

 Zeruko baratze haundian ederrago berpizteko,

 Aingeruņo harat airatu lur huntan gure zaintzeko.

 

 6

 

 Hargatik zer ilundura ikusiz gure manera,

 Zonbait orduz zoin hits eta ixila gure ganbera,

 Elgar beha eta nigarra etor matela behera,

 Bertzeak aditzearekin aldean hoin alegera.

 

 7

 

 Gure bihotz zaurtuentzat sendagailu hoberena:

 Dena nigar, urrunxago, ama gazte bat etzana,

 Gu baino aise gehiago urrikaltzekoa zena,

 Hirugarren aldikotz haurra hila baitzuen ukana.

 

 8

 

 Ber ganberan suertatu handik ondoko urtean

 Emazteari haur-minak abiatu zirenean;

 Artatua izana gatik gisa guziz aitzinean

 Griņa eta herstura zauden alha nere bihotzean.

 

 9

 

 Herioak ja bere hats usainduaz zimeldurik,

 Etorri zen haur ttipia medikuak bortxaturik;

 Hazia piru txar batetik, bizi txarragoagotik,

 Laster zela hobekituko erran zautaten beharrik.

 

 10

 

 Aitatze hits horrek pixtu atsegin pindarra nitan

 Zorigaitz ufako latzak abreki itzali zaitan,

 Odol husten nere andrea jarri zelarik bet-betan,

 Eman nuen haren bizia Jainkoaren eskuetan.

 

 11

 

 Leize lazgarri hortarik jali bat ala bertzea,

 Atseginaren auzoan luze baitzen beilatzea,

 Behatu eta paretean dilindo zen kurutzea,

 Arina kausitu halere nik pairatu oinazea.

 

 12

 

 Horra nola gertatuak ukan bi haurren sortzeak

 Ikusten duzun bezala ez nau gastatu zorteak;

 Nere bihotzeko zauriak zakarrak dauzka gordeak,

 Zabalik utziren zauzkitan haur bat gabe gelditzeak.

 

 13

 

 Oi zu ama, hoin uruski haurra ukanen duzuna,

 Zango eta besos ongi, eta osagarriduna,

 Merezitua duzulakotz goza amatze eguna,

 Den bezalakoa delakotz preza zure zoriona.

 

 14

 

 Bainan otoi pentsa doi bat ama dohakabeari,

 Haur hil edo moldegaitza munduratzen duenari,

 Eta eskerren bihurtzea ez ahantz Jainko Jaunari,

 Haren bidez baituzu eman bizia zure haurrari.


inprimatu