1984garren urte honi
Esnal, Pello
1.
«Badator mila bederatzirehun
eta larogeita laua»,
aurrez esaten hasi zitzaigun
luzatzen ari zen gaua.
Urte zaharrak ez digu hautsi
bere aurrekoen araua,
berriarekin bukatuko da
azken aldiko baraua.
2.
Azken urteak ez dira izan
gozoak eta eztiak,
arrasto beltzak utzita joan
zaizkigu ia guztiak.
Ametsez amets ikusi ditut
zenbaiten begi bustiak:
egun hoberik ekarrika du
urte berriko eguzkiak.
3.
Udazkenetan gure zuhaitzek
beren hostoak galtzean,
bihotz gaztea oihuka hasten da
gauaren ilun beltzean:
Malko gehiago ez da kabitzen
Euskal Herriko eltzean;
gauzak bestela izango dira
urte berria heltzean.
4.
Noizbait heldu zen gure mendeko
larogeita laugarrena,
ziztu bizian aurrera goaz
bere asteetan barrena.
Gertatu dena ikusi eta
kezkatan daukat barrena:
berri hau ere ez ote dugun
besteak bezain herrena.
5.
Itxaropenak gazte bihurtzen
zaizkigu urteberritan,
bake-asmoak, berriz, bizkortzen
munduko zenbait herritan.
Baina segidan ditugu denak
gerra-aurreko erritan.
Gure usteak ustel samarrak
gertatzen dira sarritan.
6.
Negarrez doaz aste guztiak,
nola bata hala bestea,
ia erabat zapuztu zaigu
hasierako ustea.
Ez da erraza gertatzen gero
hemen goiari eustea,
geu gaudeneko tunel luzean
irteera ikustea.
7.
Hau ere laster joango zaigu
aurreko denak bezala,
zimurragoa utzi ondoren
gure kopetako azala.
Gauza bakarra eskatzen dizut,
urte gazte zerbitzala:
zure amaierak sansilbestretan
zutik harrapa gaitzala.
8.
Gure egunak luzatu nahirik
ari gara otoitzean,
a zer dardara urtezahar-gaua
etortzen den bakoitzean.
Halako batez, nire bizitzak
azken arratsa jotzean,
euskal taupada entzun nahi nuke
herriaren bihotzean.