inprimatu
Irak aldera begira
Izenburua:
Irak aldera begira
Sinadura:
Esnal, Pello
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Esnal, Pello

Argitalpena:
Zeruko Argia.
Urtea:
1990
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1313.zk.
Orrialdea:
59

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


Irak aldera begira

 

Esnal, Pello

 

 Bertso berriak jartzera noa

 gertatu dena esaten:

 nola aurtengo udaran ia

 gerra biztu zen Iraken.

 Ekaitza urrun harrotu eta

 hementxe zela ematen...

 Bakealdian mundua ez da

 horren txikia izaten.

 

 Iraken buru dago gizon bat,

 denok dakigu ondo zein;

 sendo, kankailu, biboteduna

 ta izenez Sadam Husein.

 Umeak handi bihurtzen ditu

 eta handi-mandiak sein...

 Egun gutxitan ikasi dugu

 hura ez dela edozein

 

 Sadam Huseinek urte mordoa

 omen darama borrokan,

 lehen Iranen, orain Kuwaiten,

 beti sesio-erronkan.

 Zentzun askorik ez dago salgai

 armamentuen azoka,

 edozein zorok ipin lezake

 mundu osoa kolokan.

 

 Herri guztiak hartuak ditu,

 ekaitz, tximist eta laino,

 nola handiak hala txikiak

 menpean izateraino;

 grinak bizteko hobea bait da

 ezer itzaltzeko baino,

 petrolioak dardaraz gauzka

 ertz batetik besteraino.

 

 Lur-azalean harea eta

 barnean petrolioa...

 Beti izan da tentagarria

 ezkutuko balioa.

 Kuwait aldera begira dago

 askoren amodioa,

 barrez hasita negar-malkotan

 urtzen den istorioa.

 

 Grina itsuak mugitu ohi du

 nork daki zenbat mugarri,

 etxeak auzo bihurtu eta

 auzoak etsai hilgarri.

 Egunsentiko gaiztakeria

 gauean borroka larri...

 Beroaldian eraman dena

 ezin hotzean ekarri.

 

 Gutxi duenak zertxobait nahi du

 asko duenak gehiago...

 Inor konforme ez den tokian

 gozoarentzat jai dago.

 Aurreko gerra izaten bait da

 hurrengoaren arrago,

 beti ihesi dugu bakea,

 gero eta urrunago.

 

 Bake ametsak urrunduz doaz

 ihesi eta ihesi;

 gerra-irrika beti barruan,

 ez neurri eta ez hesi;

 bihotz-hondoko basapiztia

 ez badezakegu hezi,

 gutako inork ez du inola

 gizon-izenik merezi.

 

 Ametsak amets, ezinak ezin,

 hau betiko tirabira!

 Izarrak urrun egoteari

 zor dio bere desira.

 Ai, zenbat egun eta gau larri

 Irak aldera begira!

 Ai, berri onen hegalak ere

 hegal bizkorrak balira!

 

 Uda beroa joan da eta

 heldu zaigu udazkena.

 Inork ez dio oraindik kendu

 espoletari eztena.

 Bertsolaria ixtera doa

 plazako bertso-taberna.

 Ai, gau gozoak leunduko balu

 Irak aldeko galerna!

 


inprimatu