Emak hor Bahamontes
Errobi
1
Emak hor, Bahamontes,
kaskoetako arrano gorri miresgarria!
Hire izenean
Ezin xuxenago ezarri ziteian
«Montes»!
«Montes» ala «mendi»,
Hi bethi buruzagi heietan gaindi!
2
Bego ordoki zapala
bai eta zelhai apala
Anketil melixkarentzat.
Besterik amesten diagu hiretzat.
Patar xuta duk, peti goiti,
hire adixkidek mina.
Bide maldatsua, petik goiti,
hire bihotzeko panpalina;
Lot hakio aldapa malkarrari
ahalik haindurkiena!
Bi errotadun zaldi arina
bi beharrietarik aztaparkatuz,
bulta hadi, bulta, mendi-leporat buruz!
3
Ez duk zelan jartzeko ordua:
laster odoletan lukek hire ipurdi-larrua.
Ago xutik
hire esproinen gainean.
Orpekoak zapazkik
aldizka,
haguna ezpainean!
Galka, galka, galka,
mahatsa balitz bezala.
Jakin-zak jaliko den arnoa
bitoria izanen dela!
4
Bahamontes, dantza hadi, dantza,
Bizikletan punpaka
eta goiki behaka.
Dantza hadi, dantza,
ez baduk ere hortako,
esperantzaz kanpo,
lagun-musikarik...
Soinu ederra duk jadanik
esperantza!
5
Makur eskuin, makur ezker,
Begiz bide-intak iker.
Egik indar, egik oldar,
(ez egin, haatik, andar!)
Eta habil aintzina,
gizona,
hire laster ederrean!
Patarra xutago,
Dantza borthitzago!
6
Hala duk: goitirakoan,
samindu zaik hozdura,
bakandu zaik airea,
hatsa berriz laburtu,
beharriak tapatu,
izerdia lapatu,
egarria gordindu,
ixta-zainak zurrundu,
bihotza ikaratu,
bai eta akidura
gain-behera
gorputzean kokatu...
Bainan ez duk gelditu
hire bethiko dantza,
Oi Bahamontes gaitza!
7
Hersturen erditik gogoan hituen
katedrale batek zarizkon ezkilen
danga-etrepikak...
Populu osoak goresten hintuen
oihuka, txaloka, eta goraipatzen
hire balentriak...
Eta orhoitzapen hoieri esker,
(makur eskuin, makur ezker)
horra hi,
bethi dantzari,
goiti ari,
eta, ametsa akulari,
mendi-leporat lehen ethorri!
|