Artzain beltcharen neurthitzak. Alegiak (XXVII. Ohore laborantzari)
Zalduby
1
Munduan oi! zein eder den
Ohorezko bizia,
Guziz laborariaren
Lanak irabazia!
Hark du orai, nola lehen
Hazten mundu guzia.
2
Laborantza gauza handi
Eta botheretsua!
Hartan da lanean ari
Jainkoaren eskua,
Gizonaren eskuari
Berma dadin lotua.
3
Ez balitz laboraririk
Hits lagozke bazterrak;
Ez liro gauza handirik
Eman nihor alferrak.
Hiritarra, hik segurik
Zer jan hezaken, errak.
4
Bizitzeko behar diren
Gauza lehen lehenak,
Bihi, fruitu, zer nahi den,
Oilo, abre gizenak,
Jendeak laborarien
Eskutik ditu denak,
5
Orhoit gaiten artio hori,
Aihenaren odola,
Edaterat nork orori
Ematen duen hola.
Jakin gabe ez da sori
Edatea nihola.
6
Laborari etchetan den
Hauk haur eder lerroa!
Zangar lodi, gorphutz lerden,
Larru garbi sanoa;
Aita ama leialen
Ondorio gozoa.
7
Laboraria lanean
Egunaz da nekhatzen;
Bainan gero arratsean
Familiaz gozatzen.
Gabaz aise da ohean
Goizeraino lokhartzen.
8
Igandez, Eskual-herrian,
Eder laboraria!
Elizan kantaz lorian;
Plazan, pilotaria;
Chahartu'ta, jar-harrian
Juje'do chacharia.
9
Laborantzari ihesi
Hambat seme alaba,
Ai! ondikotz, baitoazi
Toki arrotzetara;
Alhorrak larre'ta sasi
Hara han daiten bara.
|