Artzain beltcharen neurthitzak. Alegiak (XVII. Tripota)
Zalduby
1
Jende beharrak ziren
Pello ikhazkina,
Eta haren emazte
Kochepa Martina.
Beren etchola zuten
phezoinez egina,
Eta janhari hotza
thalo'ta chardina.
2
Neguko arrats batez
senhar emazteak
Nakhaizturik zaduzkan
chardina jateak.
«Gu bethi miserian,
«asean bertzeak:
«Makhur dire, zioten,
«holako legeak».
3
Sorgin bat sartzen zaie
leihotik barnera:
«Heldu naiz hiru gauzen
«zuei ematera.
«Galda zatzue hirur,
«berech bat bedera,
«Nahi den bezein handi,
«Deus ez zait sobera».
4
Pello oihuz hasten da
supazter zokhotik:
«Ai! nik tripot bat bana,
«jan niro gogotik».
Tripot bat erortzen da,
pamp! chiminiatik,
Jan on bat egin dezan
Pellok oraikotik.
5
Martinak senharrari;
«zer pelloa haizen!;
«Ez hakiena zerbeit
«hoberik galdetzen
«Balimba, tripot hori,
«dena den, hoin gizen,
«Sudurretik dilindan
«balitzaik gelditzen»
6
Martinak hitz horiek
athera orduko,
Tripota sudurrera
Pellori doako.
khendu nahiz ari da,
debru'ta karako;
Sudurrarekin beizik
ez du atherako.
7
Haur guziak ondotik,
zakhurrak saingaka;
Lau zehe sudur hoien
nola ez ahalka!...
Etchean ere nola
andrea balaka?
Ez diro ichilaraz
han haren kalaka.
8
Azkenekotz Pellori
burura zaio jin
Hirugarren galderik
ez dutela egin
Sudur soberakin hoi
dio suntsi dadin.
Tripota suntsitzen da;
orai du atsegin.
9
Alegia hortarik
zer dagerin, huna:
Askoren gutizien
funtsgabetasuna.
Bil ez badezakegu
handi den fortuna,
Dugun goza bederen
guttien duguna.
|