Artzain beltcharen neurthitzak. Alegiak. (XI. Beharraren indarra)
Zalduby
1
Aitak manatu zion
seme bati behin,
Larrerat egurketa
goizetik gan zadin:
«Hik ekhartzeko daiat
«zama bat han egin;
«Osorik garraia zak;
«ez zakala arin».
2
Muthikoa larretik
deus gabe heldu da.
«Aita, nik ez dezaket
«altcha zama hura.
«Ontsa behatu diot,
«ez zazula duda.
«Bakharrik ez naiteke
«lotzerat mentura».
3
Aitak: «Zer! ez hakien
«hik, behar bezala,
«Beharra deitua den
«gizon bat han zela?
«Hail, hots! oihu egiok
«lagun dakikala.
«Beharra, o beharra,
«haugi berehala».
4
Muthikoa larrera
itzultzen da berriz.
Egurrari so dago,
hunkitzen du erhiz.
Gero oihuz hasten da
bortz edo sei aldiz:
«Beharra, haugi, othoi...
«Beharra, hots! nun hiz?».
5
Nehor ez zaioela
heltzen laguntzera,
Khechuz eta hasarrez
hor lotzen da bera.
Bi haitaz altchatzen du
zama bizkarrera;
Mila debruka gero
derama etchera.
6
«Aita, ez zen nehor han;
«egin diot oihu».
-«Nork lagundu hau bada
«kargatzen hoin zalhu?»
-«Beharrak nau bortchatu,
«orai ez dut dolu.
«Ochala, bertze hura,
«debruak joan balu!»
7
Aitak, erraten dio
«Bethi hola egik.
«Ontsa bermatzen denak
«indar handia dik.
«Nik errana hoi huen;
«ez zuan bertzerik.
«Jainkoak laguntzeko
«ez duk deus hoberik».
|