Artzain beltcharen neurthitzak. Alegiak. (X. Burdina eta bachera)
Zalduby
1
Lurrezko eltzeari
burdin tupina bat
Oihuz hari zitzaion:
«haugi nere ganat.
«Bazter eder ikusten
«ibili behainat;
«Ene lagun hartzen haut
«hemendik aitzinat».
2
Eltzeak tupinari;
«Jauna, ni zurekin,
«Hauts errecha bainaiz
«ez naitekezu jin.
«Bideko harri batek
«hunkiz geroz behin,
«Segur, hamar pusketan
«nintzake desegin».
3
Tupinak eltzeari
«Ez hoin beldur izan;
«Atchikiren haut bethi
«hi nere gerizan.
«Harririk balin bada,
«hark arrail ehitzan,
«Ni artean sarturik
«salbaturen hiz han».
4
Potikoka hor dire
biak abiatzen.
Tupina eltzeari
sahetsez da jartzen;
Bainan borthizkichegi
baita balambatzen,
Kisk eta kask, eltzea
berak du chilatzen.
5
Ttiki batzu handier,
munduko bidetan,
Jarreiki nahi dire
maiz beren kaltetan.
Hegalik gabe gora
ezin joan airetan.
Eroriak gerokotz,
hor daude errekan.
6
Flako bahaiz, ez badin
aise hauts ez chila,
Azkarrago denari
ez hauzirik bila;
Hire chokotik guti
aldara hadila:
Seguretik dagona
hura duk abila.
|