Aingeruak
Zalduby
1
Oi zein eder, oi zein dohatsu,
Jaungoiko botheretsuak,
Zein garbi zituen kreatu
Zeruetan Aingeruak!
Gorphutz gabeko izpiritu,
Miragarri'ta sainduak,
Hetarik ziren abiatu
Jaunaren mirakuiluak.
2
Beren dohainez urguilutan
Hainitzak baitziren jarri,
Nausi nahi, nahasmendutan
Zerua zuten ezarri.
Jaunaren hasarrea sutan
Zitzaioten han jazarri.
Orduan ifernura Satan
Erori zen izigarri.
3
Aingeru gaichtoak geroztik
Debru dire ifernuan;
Eta orai gure ondotik
Dabiltza bethi munduan;
Gure gal-araztea gatik
Ari zaizkigu guduan.
Bainan Jainkoak erorzetik
Beira gaitzala orduan.
4
Aingeru onak, berthutean
Zeren azkar egon ziren,
Bethikotz saindutasunean
Jaunak finkatu zituen.
Orai Jainkoaren gortean
Oi! zein dohatsu diren!
Eta hek eginik lurrean
Oi! zenbat gauza handi den!
5
Mundura garenean sortu,
Jaungoikoak bakhotchari
Aingeru bat eman daroku
Begirale'ta gidari.
Zenbat esker on ez diogu
Zor gure aingeruari!
Bai eta zenbat errespetu
Haren han izaiteari!
6
O Mikael Arkanjelua,
Lagun gaitzatzu guduan;
Luzifer etsai beltz debrua
Ehortz zazu ifernuan.
Gure Eliz'Ama saindua,
Aita saindua buruan,
Izan dadila alchatua
Oroz gorago munduan.
|