Astoa
Azkaindarra
1
Norbeitek nonbeit erran du zer den mandoa,
Nik aldiz erran nahi dut zer don astoa.
Asto gaizoa...
Bat etchean badugu ongi gozoa
Eta maltsoa...
Izena badu ere... ez da astoa!!!
2
Gure astotto maitea gorphutzez zer den
Ez baitut aski denbora, ez dut erranen
Orai bederen...
Lephoa lodi dago, bizkarra lerden,
Izterrak gizen...
Nik ez diot gezurra,... badaki jaten!!!
3
Oi zoin ikhusgarria zen pullo zelarik!
Haren kopeta ttikian bi begi handik
Chabal chahalik
Igortzen zuten nihon ez den dirdirik...
Ez dut uste nik
Izarretan badela horren ederrik!!!
4
Landean zenean etzuen hartzen astirik,
Laur bazterretan puttinka zabilalarik,
Ebaska baizik
Astañari hartzeko esne tititik...
Etzen beldurik
Pulloa gal ginezan kolikaturik!!!
5
Lanean abiatu zen bi urthetako
Haur tzar guzien azpian, dela etcheko
Dela kampoko...
Ordutik egin ditu urhatsa franko
Eta beharko!
Bakotcharentzat balu laka bat artho!!!
6
Amacho chaharrarekin bihi saltzera
Argi hasteko badoa hiri handira
Trichte ardura.
Amachok han emanen dazko jatera,
(Ez duk segura!)
Bi pastenagre gorri mainaterera!!!
7
Etcherat heltzen denean amachorekin
Beharko ditu ekharri muthilarekin
Bi zaku irin
Bidean panpak hartaz pazot batekin...
Ez, mila sorgin,
Urus... asto guziak ez dira bardin!!
8
Kampo zabalean edo etche barnean
Horra nola hari zaukun bethi lanean
Ongi denean.
Bainan, orok bezala, eri denean
Azken hatsean,
Purga bat nahiko du chokho batean!!!
9
Hiltzen ikhusi izan dut asto bat behin,
Handizki egin zautadan bihotzean min,
Bainan zer egin?
Begietarik nigar, ahotik kaurin
Han gaizo Martin
Bethikotz lokhartu zen «Hi-Han» batekin.