inprimatu
Emakumeen amarrukeriak
Izenburua:
Emakumeen amarrukeriak
Sinadura:
Egaña, Andoni
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Egaña, Andoni

Argitalpena:
Zeruko Argia.
Urtea:
1988
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1213.zk.
Orrialdea:
56

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


Emakumeen amarrukeriak

 

Egaña Makazaga, Andoni

 

 1

 

 Afari on bat zela tarteko

 bilduak elkarrengana

 batzutan etsai baina bestetan

 lagungarri da edana

 ondo dakizu gau goxo haren

 aje bihurtu zarena

 luma hartuta etsi etsian

 hustuko dut barne dana

 bertsoen bidez lortu nahiean

 bestela ezin dedana.

 

 2

 

 Halako errez ahaztu al duzu

 pasa genuen arratsa?

 nagitasuna beti izan da

 maitasun-printzen erratza

 zure berririk ez dut inondik

 hau isiltasun garratza

 hondoa jota dabilkidanez

 animoaren orratza

 lotsak irentsiz neuk emango dut

 lehendabiziko urratsa.

 

 3

 

 Gogoan daukat Agotak maite

 ez zitun artzai harena,

 Joaquin Sabina «Soledad» eta

 Becquerren enararena,

 Falta bazaizu... falta bazaizu

 Koldo Izagirrerena,

 maitasun kontu txatxu hoiekin

 betea daukat barrena

 kolpez itsatsi zenidanetik

 gaisotasunik zaharrena.

 

 4

 

 Neskatxa eder ile-hori bat

 afaritara ageri,

 denek kidetzat nahi zintuztenez

 sortu zen nahiko komeri

 zure ondotik uxatu nitun

 hamar-hamabi azeri

 diximulorik batere gabe

 gero ondoan eseri,

 maitasunean ta gerran ezin

 erreparatu ezeri.

 

 5

 

 Zuri begira ari nintzela

 inondik eginahalean

 ardo pittin bat eskatu zendun

 era apal apalean

 ez nuen jakin botila husten

 kopa aho-zabalean

 bihotz-gisako mantxa more bat

 geratu zen mantalean

 geroxeago indartuko zen

 zirrararen seinalean.

 

 6

 

 Ahots lakarra, ahots sakona

 ahots aguardentosoa,

 ez naiz harritzen, bourbon edanez

 pasa zendun gau osoa,

 kontrapundutzat jazmin usaiko

 perfume gozo gozoa

 zuri-beltzeko pelikuletan

 Greta Garbok zuen soa

 zure ondoan hutsaren hurren

 ez al litzake gaixoa!

 

 7

 

 Bourbon txurrut bat edan orduko

 nahiz eztarriak irakin,

 gizona ezin kejatu da ta

 diximuloari ekin

 pentsatu nuen, azaldu ezak

 jaio hintzela birekin,

 eskumuturra tinko helduaz

 bozik zakarrenarekin

 Bogart bainintzan agindu nizun

 «muñeca zatoz nirekin!».

 

 8

 

 Aurkitzen bezain errez badenez

 galdu genitun lagunak

 nola aldegin asmatzen dugu

 bista piska bat dugunak

 tsolarte hartan eman zitezkeen

 egunak eta egunak

 hango algara neurri-gabeak,

 hango hitz goxo, legunak,

 azkenerako «a bourbontones»>

 irteten zitzaizkigunak.

 

 9

 

 Bi begirada elkar uztartu

 nik zurean, zuk nirean,

 pelikulako galai modura

 nengoen pozak aidean

 Bogart ta Bergman ikusirikan

 hortantxe zeluloidean

 joan nintzaizun musu sakon bat

 emango nizun idean

 esan zenidan «hagola geldi,

 ez hasi lizun-bidean!».

 

 10

 

 Aurpegi batek nola estali

 ezezkoaren orbaina

 bihotz-beteko eskeintzarentzat

 mespretxuaren ordaina

 ernegatuta azaldu nizun

 «Ai filologa bikaina,

 Pray Bartolome irakurtzea

 ondo ikusten dut baina

 harek ziona zer sinisturik

 ez daukazu alajaina!».

 

 11

 

 Musua zuk zeuk eman zenidan

 bosgarren bourbon luzean

 lehen ere mila ikusitako

 sofa baten babesean

 nik nola uler nezakeen ezer

 zuk garbi joka ezean

 lehenengo ezetz, ondoren baietz

 taktikekin jolasean

 Nazioarteko Maisu izango

 zinake ajedrezean.

 

 12

 

 Zailen zailena hastea denez

 ez zen izan musu faltik

 loreak ere entzun nahi eta

 bota nizkizun galantik

 esan zenidan «barkatzen dizut

 dituzun begiengatik»»

 zer esan zendun gogoan daukat

 baina ez dakit zergatik,

 berde berdeak ditudalako

 ala zuten txispangatik.

 

 13

 

 Eguzki-printzek urratu zuten

 ia gauaren azala

 «etxera lagun egingo dizut»

 nire azken diosala

 zuk erantzuna, atariraino

 laguntzea nahiko zala,

 ez al dakizu alaja horrek

 egin zenidana dala

 haurrari eman goxokia ta

 gero kentzea bezala.

 

 14

 

 Deitzekotan zeu geratu zinen

 zertan ez deitu orduan

 hartuko zaitut pertsonak ura

 bezala basamortuan

 inularreko tonu moreak

 iristen diren orduan

 bihotz mintzean oroitzapenak

 pilatzen zaizkit morduan

 pentsatzeraino nik hainbat pena

 mundu honetan nork duan.

 

 15

 

 Konturatu naiz oroitzapenik

 ezin dela musukatu

 beste gauzarik ezin dut egin

 nere malkoak xukatu

 irabazletik galtzailerako

 paperak azkar trukatu

 Bogarten gisan hasi nuena

 Bilintxen eran bukatu

 errukiaren ukendurikan

 ez zaidazula ukatu.

 

 16

 

 Lore-sortaren txartel atzeko

 bertso hauek abestean

 gerta daiteke nitaz ahaztua

 damutzea tupustean

 badakizu ba, ze herren dudan

 berriz elkar ikustean

 tori hamaika larrosa gorri

 zuretzako ezustean

 dozenarako falta den hori

 zerorri zeran ustean.

 


inprimatu