inprimatu
Ezkila
Izenburua:
Ezkila
Sinadura:
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):


Argitalpena:
Herria.
Urtea:
1970
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1038.zk.
Orrialdea:
4

Ezkila

 

 1

 

 Maite dut goizean xorien errepika,

 Arbolen artean aizearen musika,

 Uraren auhena, ttorttoilaren kantua...

 Bainan maiteago ezkilaren soinua.

 

 2

 

 Ezkilaren boza zain den xarmangarria!

 Herrian ezkila egiazko xoria,

 Errepikaz beti, beti iratzarria:

 Kobrezko ahoan burdinez du mihia.

 

 3

 

 Dorrearen puntan ezkila beilan dago,

 Soldado bat baino gau egun erneago.

 Sua nunbait, nunbait etsaia agertzen da?

 Ezkila kuxean oihuz abiatzen da.

 

 4

 

 Ezkilaren botza ageri da denetan,

 Mendi gorenean, zelaian, haranetan...

 Nigarrez iduri, doluzko egunetan,

 Irriz eta kantuz egun alegeretan.

 

 5

 

 Ekilaren botza da herriko bizia.

 Ezkilarik gabe, herriak zer grazia?

 Gorputz bat litake, arimaz gabetua,

 Alargun triste bat, presuna bat mutua!

 

 6

 

 Oi zoin ongi duen ezkilak predikatzen!

 Denentzat badaki hitz on bat atzematen.

 Probeari dio: «Jesus ere probe zen,

 Ogetzat ez zuen lasto puxka bat baizen.»

 

 7

 

 Aberatsari zer erranen du ezkilak?

 «Zoin diren zaluak denboraren hegalak!

 «Egun bizi, bihar beharbada tonbara:

 «Lano baten pare suntsitzen zoriona!»

 

 8

 

 Hedoietan goiti arranoa badoa,

 Iguzkiko argi garbian mainatzera.

 Bainan ezkilaren botza gorago gaten,

 Gure otoitzekin zerura da igaiten.

 

 9

 

 Bai, hegaldatzen da zeru gorenetara,

 Jausten ere berdin purgatoriotara,

 Gure adixkiden, ahaiden freskatzera,

 Uriaren pare lur idorren gainera.

 

 10

 

 Diot beraz berriz... Bai maite dut musika,

 Harrixken erdian nigarrez ur-xirripa,

 Oihan ixilean ttorttoilaren kantua,

 Bainan maiteago ezkilaren soinua!


inprimatu