inprimatu
Ez naiz handietarik
Izenburua:
Ez naiz handietarik
Sinadura:
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):


Argitalpena:
Herria.
Urtea:
1966
Argitalpenaren urtea:
Alea:
808.zk.
Orrialdea:
4

Ez naiz handietarik

 

 1

 

 Ez naiz handietarik gizonen artean,

 Hurran bakharrik nago mendien gainean

 Artaldetto bat daukat han nere menean,

 Harekin bizi bainaiz gostu ederrean.

 

 2

 

 Asko dira menturaz nitaz urrikaltzen,

 Atsegin zoro batzuz ez bainaiz gozatzen.

 Urrikari hek dauzkat orai eta lehen;

 Bakearen gozoa ez dakite zer den.

 

 3

 

 Mundupean duenak higatzen bizia

 Ardura du berekin izaten auzia.

 Bakean jendetarik urrun igorria,

 Handik kendurik dago mendian jarria.

 

 4

 

 Artizarra zeruan agertzen denean,

 Goiti noa ni ere harekin batean.

 Sartzera egiten du ilhun nabarrean,

 Ni ere itzultzen naiz omore onean.

 

 5

 

 Xoriak eder dira kantari mendian;

 Begira egoten naiz hekier lorian:

 Bazter guzietarik kantuz daudenean,

 Nola nindagoke ni ilhun bihotzean?

 

 6

 

 Menditik zoin den eder goizetan argia!

 Bozkariotan nago maiz hari goardia.

 Ohepean hagoen hiritar nagia,

 Nola ezagut dirok nik dudan zoria?

 

 7

 

 Menditik dudanean begia hedatzen,

 Jainkoak eman onak denetan ikusten,

 Bihotza haren gana dut bozik altxatzen,

 Gure Aita onari eskerrak bihurtzen.

 

 8

 

 Tratulariak doaz nekatuz bidean,

 Zenbat amets ederrez alhatuz gogoan.

 Aldiz artzaina dago mendi urdinean,

 Deskantsuz lo eginez etxola txarrean!

 

 9

 

 Ethorri da negua, harekin elhurra:

 Zelhaian eginen dut egoitza laburra.

 Ez daiat adiorik eginen, etxola!

 Nihondik ez naitekek hi gabe kontsola.

 

 10

 

 Negua joan deneko, primadera hasten:

 Bazterrak oro dira belharrez bethetzen.

 Choriak oihanetik kantuz abiatzen,

 Bozkarioz artzaina mendirat igaiten.

 

 11

 

 Han dut ene gozoa, han ene bizia!

 Jainkoa da bakarrik han ene Nausia!

 Bertzentzat diru, jan on, soineko ederrak.

 Niri bake gozoa, Jaunari eskerrak!

 

 12

 

 Nere adixkideak, orai naiz gelditzen,

 Hasi dudan bertsua hemen akabatzen.

 Jainkoak osagarri eman dezazuen,

 Bihotzaren erditik othoitz dut egiten.


inprimatu