Nafarroari
Hegitoa, Piarres
Nafarroa lokartuz, menderen mendetan
itotzera bazoan arrotzen besotan;
Lege onak galdurik, petzero gerletan,
Odolez gorritua beti debaldetan,
Estekatua zagon urezko gatetan!...
Tira-biran, Frantzia eta Espainia,
Ados ezin egonez, suminduz auzia,
Muga debru batekin hetsirik mendia.
Bi zatiz egin zuten Nafarro handia,
Iruņetik baztertuz ipar euskaldia.
Beraz, Pe-Nafarroa, bakarrik egona,
Axuri bat iduri, olatik joana.
Urrikalgarria zen, galdurik artzaina,
Kanpotik ezagutuz amaren usaina...
Hain urbil izanikan, oi zer bihotz-mina!
Uroski mandozainak, abarkak jauntzirik,
Heldu ziren, gaizoak, mugaz bestaldetik,
Zapet eta gerriko hunat ekarririk,
Iruņeko berriak euskaraz emanik,
Arri, arri, mandoko!... oihuka bidetik.
Diputacion-Foral'a, eskerrak Jaunari,
Gizon jakintsunekin lotu zen lanari,
Laster behar zutela eman herriari,
Edertasunarekin azkar izigarri,
Goi-Nafarroa dadin bere gain ageri.
Geroztik, ohidura dute begiratzen,
Arbasoen euskara, mun-nahi hedatzen,
Etxe xuri xaharrak, ederki berritzen...
Mendirat, lantegia dute hel-arazten,
Bas-herriko gizonek ihes ez dezaten.
Egun, Aduden gaindi, beso bat bezala,
Bide bat heldu zauku, xuxen ta zabala.
Goi-Nafarroak badu guretzat axola:
Xapel beltz edo gorri, ai-ei-ai mutilla!...
Erakusten du, naski, denak bat girela.
Otoiz egin dezagun, herrian sar dadin,
Bide berri hortarik, lan, tresna, ta mozkin,
Ontasun, jakitate, zorion, Irrintzin...
Bainan, oroz gainetik, sekulakotz behin:
JAINKOA, NAFARROA, LEGE ZAHARREKIN!