inprimatu
Nere kotxe txarrari
Izenburua:
Nere kotxe txarrari
Sinadura:
Danbor-enborra
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Danbor-enborra

Argitalpena:
Herria.
Urtea:
1984
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1762.zk.
Orrialdea:
5

Nere kotxe txarrari

 

Danbor-enborra

 

 1

 

 Gure etxean bada

 kotxe berezia,

 orain dela sei urte

 neuk erosia.

 Ikusgarriak dira

 bere ahulezia,

 zitalkeria eta

 jenio bizia.

 Morroi itsusia,

 non duk malezia?,

 bertsotan hasia

 daukak nagusia

 Erabaki beharra

 zegok auzia.

 

 2

 

 Hirekin izan diat

 hamaika oztopo,

 hartu ere bai zenbait

 belarrondoko.

 Zergatik egin ote

 genian guk topo,

 geroztik ibiltzeko

 beti mokoz moko?

 Hau hartzeko pronto,

 emateko tonto,

 lanari gorroto,

 aldapetan poto...

 Baina ez dit gehiago

 adarrik joko.

 

 3

 

 Joan zaio gaztetako

 fanfarroikeria,

 hain barrukoa zuen

 harrokeria.

 Heldu zitzaionetik

 daukan miseria,

 belarri makur dabil

 Lure azeria.

 Atzo huskeria,

 bihar bateria,

 noiznahi aberia,

 hau da loteria!

 Ajez beteta daukat

 kotxe eria.

 

 4

 

 Berritan bizkor eta

 gero ttapa-ttapa,

 igo du zenbait malda

 eta aldapa.

 Orain dena herdoitua

 barren eta txapa,

 indar gehienak ere

 aidean eskapa.

 Gaztetan bai txanpa,

 gu zeinek harrapa,

 gaur, berriz, axanpa,

 aje eta karranpa.

 Arrazoi du kartelak:

 «Ven en tren, papá».

 

 5

 

 Barruan ba omen ditu

 zazpiren bat zaldi,

 antza denez pipiak

 joak sei t'erdi.

 Hasieran ematen

 nuen Fitipaldi,

 gaur Domingo Kanpaña

 makaldiz makaldi.

 Hamaika izerdi.

 aterata geldi,

 gero nola segi

 ematen aurpegi?

 Jubilatua behar

 zuen aspaldi.

 

 6

 

 Gasolina-ontzitik

 makina bat trago

 nere kotxe txarrari

 emana nago.

 Lehen tenientea zen,

 orain, berriz, kabo,

 laster soldadu hutsa,

 azkenik akabo,

 ajeen esklabo

 egina baitago,

 lur jota zeharo,

 gero eta okerrago.

 Erretiroa hartzeko

 hobea dago.

 

 7

 

 Erruz kostatzen zaio

 bidean joatea,

 ez du oso urruti

 errematea.

 Arrastaka darabil

 tupo eskapea,

 olio Bariola

 beti errapea,

 nonahi derrapea,

 puzkarra eta kea,

 dardarka atea,

 berdin bolantea.

 Liter etxetik bota

 eta bakea!

 

 8

 

 Zaharra etxetik bota,

 berria erosi...

 baina ez dut miloirik

 inon ikusi.

 Gaurko bizimodua

 hain dago itsusi,

 zorra haunditan sartzeak

 bai al du merezi?

 Dirua ihesi,

 soldata ezin hazi.

 Aizu, Joxpinixi,

 aje eta guzi,

 lehengoa konpontzea

 hobe dut kasi.

 

 9

 

 Zaindu beharrean naiz

 etxeko morroia,

 erdipurdi dabilen

 seat morroia.

 Hasteko kontuz kendu

 azpiko herdoia,

 gero txukun pintatu

 barren eta goia.

 Baina armazoia,

 betiko kartoia.

 Xenpelar bazkoia,

 non duzu bastoia

 Zuzpertzerik ba al dago

 gure betroia?

 

 10

 

 Edozeini edozer

 barkatzeko aina

 izan duk beti nire

 bihotz bikaina.

 Oraingoz salbo dituk

 azpi eta gaina,

 berritua kanpoa,

 barrua apaina.

 Kakin ezak baina

 Domingo Kanpaña

 dela, alajaiña,

 hire kapitaina.

 Itxuraz ibil hadi

 kotxe liraina.


inprimatu