Ikasleak irakasleari
Dagorret, Beņat
1
Hilabetea jada: Uztaritzen nintzan
Oste handi batekin, herriko elizan
Lafitte apezarentzat emana zen mezan
Otoitz kartsuagorik maiz ote da izan?
2
"Behakoa josia zure hil-kutxari
Orhoitzapenak ara zitzaitan ibilki.
Bihotzean ere dut atxikia finki
Lafitte Jaun apeza, zor dutana zuri.
3
Hotz emaiten zinuen lehen xixta hartan
Zutara hurbiltzeko ez ginen gostuan
Arras bestela baitzen ezagut-ondoan
Zer bero aberatsa zure bihotzean.
4
Zurekin egon giren une bakarretan
Erakaspen sarkorrak, ekei hainitzetan
Ereinak dauzkigutzu gogo-bihotzetan
Irri zafla gozoak eginez artetan.
5
Irrigura zinela behar da aipatu
Zuri entzun dutala baitzait iduritu
Apezgoa zuena murritz edo mutu
Ez dela behin ere zeruetan sartu.
6
Apez zinen errotik, urus apezgoaz
Aberastu gaituzu Jainko-ezagutzaz
Zure ikus-moldeetan, eliza-legeaz
Aintzin-bidari zinen, bai mende-erdiaz.
7
Gaztea minbera da hogoi urtez petik
Idaietan aldakor, beratz bihotzetik
Ahulek, baztertzeko amets hutsetarik
Zu-gana-ta ez zuten sokorri eskasik.
8
Zain zinen langilea; ezin sinetsia!
Leihoak hetsi-eta, bizirik argia
Gauak egun eginez, kaderan jarria
Liburu ta paperek kasik estalia!
9
Zutarik dut ikasi, deus ez bainakien
Zer den Euskal-Herria,
noiz, nola sortu zen
Nondik eta nora zen hedatua lehen
Gizon aipagarriak nor izan zituen.
10
Euskara banakien, ordukoen gisa
Mintzatze ona bainan izkirio hitsa
Zuk erakutsia dut, dakitan guzia
Hartze duzu bai segur, dezadan balia,
11
Apez, Euskaldun, eta langile suharra
Hara nor izan ziren, Lafitte Jaun apeza
Zutarik ukan dugu: argia, indarra
Euskaldunak ehunka zuri zordun gira.
12
Ordainduko dugunetz aipatu den zorra
Girenak girelakotz ez niz hanbat fida
Beharrik egin duzu behar zitakena
Hemen irabazteko goiko zoriona.
13
Azken erran hoietaz irri egin duzu...
Zirtolari nasaia izan baitzira zu...
Jainkoa ona dela kantatu baituzu
Merezitu saria ukana dukezu."