Sartaldean krisisa
Borda, Itxaro
Sartaldean krisisa da ekonomika
Aserikan jendea salmena gaindika
Erho den gizartea dadin itzulika
Botatu lur gainerat bonba atomika!
Ondorio goxoak ekarriz orori
Egiten ahal dugu garbiki lan hori
Neutron bonba etzaio itsusi nehori
Etxeak zutik utzi hil gizon ta xori!
Auzoan daukagula zentralaren malda
Afarian jaten da uranio salda
Ez neri ona denez oraindanik galda
Gaitziturik laster bait nindaike asalda...
Aberatsak harturik beren eskubide
Ondarkinak guziak itsasoan gorde
Irradiaturikan "atun adiskide"
Sareetan biltzen da arrainaren orde!
Gorputzak bizitzeko behar du odola
Eta gure mendeak hortako petrola
Itsasaldia beltza hedatzen dagola
Diruaren meneko non dute axola?
Petrola sortaldeko herriei ebatsi
Emendatzea dugu bertan erdietsi
Guretako arnoa haiendako patsi
Nardaturik dituzte iturriak hetsi!
Ez da ez iraganen horrela kondaira!
Indartsuak datortzi harmekin mahaira
Berextasunak legun ehortzi mintzaira
Katanga haren kontra lagundu Zaira!
Kolonien denbora oi goxoa zela!
Ezin dute ordea pentsatu bestela
Berdin Euskal herria bihurtuz ustela
Bere bizi kemenaz hustu dezatela!
Separatistak dira baztertu beharrak
Oihu luzean dio Frantzia zaharrak
Nahikerian salbai Debre jaun azkarrak
Erhauts egingo ditu Herrien bizkarrak!
Prezioak goitituz xumeak balaka
Lehen ministroak du ederra kalaka
Aberastu haundiak dirade milaka
Besteak pobreturik doaz taka-taka...
Estato arrazoina lehen den ezkero
Hil dadila kartsuki bakar Aldo Moro
Kontzientzia onarekin isil gaiten oro
"Brigadista horiek dira gazte xoro!".
Maxinak buruzagi karkula ondoko
Herioa sartu da lurraren gogoko
Maitasunak nahi du bizietan xoko
Bainan ez dugu hartzen hartarik geroko !