Munduaren jabeari...
Borda, Itxaro
1
Ditugun lotsen aintzinean ez
baitu altxatzen ezkerrik
Zeruko Jaunak ez du merezi
gure partetik eskerrik.
2
Izakietan mexprexu karga
nahi baitzuen ixuri
Jainko Handiak formatu zuen
gizona bere iduri...
3
Nere maiteak utzi nau eta
gauetan nago negarrez
malkoen bidez basamortua
hiraz suntsitu beharrez!
4
Leize beltzetan banabilala
ez dut ikusten gerorik
zein gizonetan aurkituko dut
maitea bezain berorik?
5
Batzuendako zorion puskak
eta bestendako minak
horrela doaz ilun latzetan
biziko urrats saminak...
6
Zeruko Jauna mundu honetan
gauz gutiago eginez
gizonen bihotz hautsia bete
zinezaken atseginez...
7
Jende bekaitzen lerroetan ez
badu nahi gero sartu
bertsulariak jakin behar du
Jaunari nola oldartu!