Mozartek esesinatu poetaren testamendua (1981eko ekainan)
Borda, Itxaro
Ez dut lurreko gauzetan
nahi nik salbamendua
berdinki ez dut segitu gogo
zeruen manamendua,
anarte hortan idurikatuz
hutsaren jujamendua
hona Mozartek asesinatu
lumaren testamendua!
Askok diote gutan berean
Mozarte bat lo dagola:
sinfoni haren lehen neuria
hiltzale izan zen hola...
Hau dugu gauen itzal hezetan
oihanak gordez arbola,
edertasuna nahiz zabilan
mainkuaren parabola!
Zirko honetan, hitza hezirik,
jartzen nuen negurturik
nagusi nintzen batzutan, baina
duda hura lapurturik
gogoan gorde indar guzien
sasi-hesolak urturik
maitasun minez nindabilarik
bazoaken beldurturik...
Eta herria maitatu nuen
maite duzuen hainean
baina ideiak ez genituen
berdinak honen gainean,
askatasuna desiro nuen
kartzelaren ordainean;
ordea jabal araziko dut
bazterdun botza zainean.
Ez dut sufritzen; oraindik ere
bihotz basaren zokotik
edo galdurik ihes badoan
gau beldurraren zorotik
minik ez dator; sufritu gabe
irriz ari naiz gogotik:
poemak sortuz iragan nintzen
bizitza honen ondotik..
Nere azkazi xoilen artean
ez da sortuko aharrik
dirurikan ez baitaukat edo
beste ontasun zakarrik,
enkre botoilaz kanpo uste dut,
ez da sineste zaharrik,
balio handi bat balukela
Waterman lumak bakarrik...
Sagu goseen hortzen meneko
ez badituzue uzten,
makinaz eman textoak hori
gaurgoitik duket ikusten,
ondokoentzat gainera bertso
paper denak ditut husten;
ez dakit nola beren artean
partekatuko dituzten...
Bera hautsirik mundua hautsi
nahi lukenak oraino
askoz hobe du ixiltzea hor
kantuz segitzea baino.
Hitzen azpira erori diren
puskak nork ditu alaino
berriz bilduko, iraun dezadan
datorren ekainaraino...